Egunotan bereziki zaila gertatzen ari da mundua zer gauza beldurgarria den gogorarazten ez digun argazkiren bat topatzea; eta horrelako bat aukeratuz gero, ekintzaile batek Draghi Europako Banku Zentraleko buruari paperak eta konfetia bota zizkionekoa aukeratu dut. Ekintzailea, neska lirain bat, Draghiren prediku-lekua den mahaira igo da; konfeti poltsa bat zabaltzen ari da. Bitartean Draghi, beldurrez eta ezintasunez, besoen atzetik ezkutatzen da balantzez, aurrekontuz eta datu makroekonomikoz jositako paper-euritik babesteko, argi utziz zer nolako pastaz eginda dauden lapur global korbatadun hauek.
Ekintzaileak esan du merezi izan duela Draghiren aurpegia ikusteagatik baino ez bada; geratzen den zalantza da zer esango zuen baldin eta, nafarra izanik, botatako konfetia frantsesa, beraz bereziki gogorra, zelako akusaziopean epaitu izan balute.