Argazki bat da gaur, benetan, argazkiaren txoko honetako protagonista; beti izaten da, hala edo nola, baina gehienetan argazkia eta komentarioa, biak, elkarren osagarri izaten dira. Argazki batek ez baitu beti, gaurkoak bezala, testuaren bitartekaritzarik gabe hitz egiten.
Baina gaur argazkia deskribatu nahi dut, besterik ez.
Berria egunkariak argitaratu zuen asteleheneko digitalean. Goitik behera, metal ilunezko barra bezalako batzuk ikusten dira. Enkoadraketan, ezker eta eskuin, metal ilunezko barren arteko espazioa gardena da; susmatzen da, ordea, kristala dela. Alegia, metal ilunezko barrak ez dira barroteak, ate baten parte baizik. Argazkiaren erdian, bi edo hiru eguneko bizar zuria, ilea bezala, daukan trajedun baten aurpegiaren erdi aldea ikusten da, barrote izatera iristen ez diren barra horiek tapatuta. Enrike Goñi da, bere ikasle entxufatuaren betaurrekoekin.
Argazkia egin duena EFEko Jesus Giges omen da, eta justizia nahi eta ezari erretratu ikaragarri ona egin dio.