20 urte, 43 milioi euro

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril

20 urteko kartzela-zigorra eta 43 milioi euroko kalte-ordainari aurre egin behar diote gaurtik aitzinera Aroztegiko auzian auzipetutako zazpi baztandarrek. Bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminal antolatuko parte izatea egozten diete. Zer eta herritarren gehiengoaren kontra Lekarozen eraiki nahi zuten urbanizaziotzar bat geldiarazteko protesta baketsua egiteagatik.

2021eko apirilean, hondeamakinen aitzinean paratu, bideak itxi eta hirigintza-proiektuaren lanak geldiarazi zituzten. Protestan ez zen zauriturik izan, ez kalte materialik egon, eta lanak egun hartan gelditu baziren ere, enpresak proiektu ero hori bazter uztea ez zen izanen, seguru aski, egun hartako protestaren ondorio. Gehiago izanen zuen, seguruenera ere, proiektua beraren zentzugabetasunetik. Baztanek ez baitu behar golf zelai bat, ez turismo-eredu bortitz bat, ez luxuzko 250 etxebizitza.

Justiziarik eginen den ez dakit. Fede haundirik ez dut. Baina absoluzioa da justua izan daitekeen erabaki bakarra. Eta proiektua behin betirako bazterrean utzi. Baztanek baditu etxebizitza-premia larriak eta gehiegizko turistifikazioaren kalteak jasaten ditu. Horiei heldu behar zaie. Herria egin. Ez dago lasterbiderik. Eta Aroztegia ez da soluzioa. Ederki dakite hori baztandarrek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!