50

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2025ko urt. 27a, 16:29

400 lagun baino gehiago elkartu ginen, atzo, Beran 50 zuhaitz landatzera. Baso ttiki bat sortzera. Haize bortitza genuen kontra, baina banan bana landatu genituen 50 zuhaitzak. Labiaga ikastolan aritu garen ikasturte bakoitzeko taldeko arbola bana. Aitzinetik, ikastolako ikasleek gaztainak eta ezkurrak bildu, erein eta landareak egin zituzten, atzo landatutakoak.

Orain 50 urte hilzorian zen euskara gure herrian. 50 urte geroago, aunitz hobetu da egoera. Hala ere, egitekoa, oraindik, erraldoia da. Gazte talde baten ametsari jarraiki, haizea kontra zutela, utopian sinistu zuen guraso-talde batek, eta ordura artekoarekin erabateko haustura zekarren eredu bat hautatu, euskaraz bizitzea helburu. Gaztainak eta ezkurrak gaztainondo eta haritz bihurtu ziren. Aunitzek batere federik ez izan arren. Aunitzek traba eta oztopo franko bidean paratu arren.

50 urte geroago atera ditzakegu ikasgai ugari orduko hartatik: batetik, utopiak egingarriak direla; bertzetik, hizkuntza biziberritzeko herritarrek dugun indarra eta ahalmena uste duguna baino handiagoa dela; eta hirugarrenik, gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuek inoiz ez dutela botere hegemonikoen korrontea alde, beti ibili beharko dugula haize-kontra.

Atzo landatutako zuhaitzak bezala, kimu berriak ernalduko badira, munduan gailentzen ari diren diskurtso totalitarioen haizeari aurre eginen badiogu, enbor sendoa beharko dugu, herritarrek ongarritua eta ureztatua. Baso berriak altxa ditzakegula sinistu behar dugu. Atzo, Beran, 400 lagun elkartu ginen baso batek dakarren utopia amesten segitzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!