Etxerik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2024ko urr. 14a, 18:19

Nola bizi soldata baino altuagoa den alokairu bat ordaindu behar bada? Etxebizitzarena beti izan da gai zaila, sarbide batere erraza izan ez duena, baina azken boladan ikusten ari garenak muga guztiak gainditu ditu.

Azken hamar urteotan % 60 inguru igo dira alokairu-prezioak. Soldatak, berriz, banaz bertze, % 17. Europako -eta segur aski munduko- emantzipazio tasarik okerrenak ditugu, gazteek ezin dutelako euren bizitza-proiekturik eraiki, lan duina edukita ere, alokairu bat ordaintzeko nahikoa ez dutelako. Pentsa nola ibiliko diren lan duinik ez duten milaka pertsona! 35 urte azpiko hiru gaztetik bi gurasoekin bizi da, halabeharrez.

Urtetako politika (edo politika eza) negargarri baten ondorioak pairatzen ari gara: ia dena utzi da merkatuaren esku. Gobernuak babes ofizialeko etxeak sustatzera mugatu dira. Kopurutan gutti, eta salerosketaren logiketara mugatua. Apenas eraiki da alokairuko etxebizitzarik. Egun, merkatuan diren etxeen % 2 bertzerik ez da alokairu sozialekoa.

Eta kopuru horiekin, nola egin aurre arazoari? Zer egin Bera bezalako herri koxkor batean logela batengatik 350 € ordainarazten badizute? Edozein pisu 800 eurotik goiti ordaindu behar bada, eta 1.000tik goiti Iruñerrian? Bistakoa da alokairuen prezioan esku hartu behar dutela gobernuek, etxebizitza aunitz dituzten funtsei muga gogorrak paratu, eta etxebizitza turistikoen araudia zorroztu. Eta epe luzera, alokairuzko etxebizitza sozialak eraikitzeko politika publiko ausartak egin. Etxea behar dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!