ADONA Nafarroako Odol-emaileen Elkartea 1957an sortu zen, odol-emaileak biltzeko eta haien beharrak defendatzeko. Gaur egun, emaileak informatzea eta laguntzea du eginkizun nagusietako bat, baita odol-ematea sustatzea ere. Horretarako, boluntarioen sare zabala du. Xalba Apezetxeak hauen lana nabarmendu du: “Boluntarioak ezinbestekoak dira. Beraiek gabe oso zaila litzateke gaur egun dugun sarea eraikitzea eta zaintzea”.
Elkartetik egindako kanpainek mezu argia zabaldu dute: odola emateak bizitzak salbatzen ditu. Eta hala da, izan ere, odola hainbat osagaitan banatzen da: plasma, plaketak eta globulu gorriak. Osagai horiek ezinbestekoak dira ebakuntza kirurgikoetan, transplanteetan eta minbiziaren aurkako tratamenduetan, besteak beste. Nafarroan odol-talde ohikoena 0 positiboa da, baina guztiak dira beharrezkoak.
Etorkizuneko erronken artean, odol-ematea gizarte-ohitura bihurtzea eta emaile-sarea handitzea daude. Gazteen parte-hartzea ere sustatu nahi dute. Horrez gain, aferesi bidezko donazioak ugaritzea beharrezkoa dela azpimarratu du Apezetxeak. Prozedura horren bidez, plasma edo plaketak bakarrik lortzen dira, eta plasmaren beharra gero eta handiagoa da. ADONAk Nafarroa arlo horretan autosufiziente izatea nahiko luke.