Onddoebasleak mendian eta pixalarriak jota itsasoan
Ukan nuen orain ez aspaldian mendira onddo bila etorritako hondarribatarrarekin ustekabeko solasalditxoa; bat egin genuenean basorako kamino batean, esku batean genuela saskia, bertze eskutik helduta ganibeta.
Hartan, bota zidan hondarribitarrak galdera ea zergatik zen bera onddoak biltzearen truk sosak ordaindu beharrean eta zergatik ez zen horren gisakorik gertatzen gure basoetatik Hondarribira joaten garenen hangoen itsasoan igeri egitera.
Robasetas bera, meaplayas neu. Lau hitzetan azalduta orain artekoa.
Hemen topatuko duzue emandako erantzuna: ez nintzela ni akort onddo kontuetan ordaindu behar izatearekin. Iritzita onddo kontuena aparteko misterioa dela; hain denez zaila jakitea non eta nola irtengo diren lurrazpitik, zein pagadiren aterkipean, zein gaztainondoen oinetan, zein iratzeen maindireetan. Ondorioztatuz onddo-alea udazkenak musutruk ematen duen gutizia dela, nork zer non noiz aurkitzen duenarentzat.
Erranen da noski tarifak eta isunak badirela onddoebasleen makurrak zuzentzeko trikimailu. Aitzitik, honi guztiari hurrengoarekin susmoa hartuta diot: hau nirea da, eta harena dena… biona.
Honekin akort udan garenean pixalarriak jota hondartza bazterrean.