Maite Eseberria: "Eskolako segurtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak hartu behar dira"

Euskalerria irratia

Azken hilabetean lau aldiz sartu dira eskolako eraikin barrura, eta hainbat kalte eta lapurreta egin dituzte. Materiala, material fungiblea eta altzariak hondatu edo lapurtu dituzte, baita leihoak apurtu ere. Maite Eseberria eskolako idazkariak azaldu duenez, azken lau edo bost asteburuetan izandako gertakariak aurreko urteetakoak baino askoz ere larriagoak izan dira.

Sarrigurengo Joakin Lizarraga ikastetxe publikokoko idazkari Maite Eseberriak  salatu du azken asteotan izandako erasoen larritasuna, eta udalari segurtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu dio.

Ez da lehendabiziko aldia ikastetxeak halako erasoak pairatzen dituela. Eseberriak gogoratu du: "duela bi urte ere eskolan sartzeko saiakerak izaten zituzten. Orduan, ordea, erasotzaileak patioan soilik sartzen ziren, eta baratzera edo negutegira jotzen zuten" esan du. Aldiz, azken hilabetean ikasgeletan sortu dituzte kalteak. 

Orain arte izandako gertakari bakoitzaren berri eman izan diote udalari, baina, neurri eraginkorrik hartu ez dutela ikusita, salaketa jartzea erabaki dute. Eta hurrengo neurri hauek hartzeko eskatu diote Eguesibarko udaletxeari:  Lehenik eta behin,  ikastetxeen eta espazio publikoen segurtasuna bermatzeko neurri eraginkor, zehatz eta berehalakoak hartzea. Bigarrenik, instalazioak zaintzeko eta irekitzeko zein ixteko protokoloak zorrotz betetzea, eta prebentziorako behar adina baliabide jartzea. Hirugarrenik, Eguesibar osoan erantzun eta plangintza integral bat garatzea, arazo honi behin betiko konponbidea emateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!