Etxebizitzaren eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren kontra, milaka lagun atera dira Iruñeko kaleetara greba orokorraren kontura deitutako eguerdiko manifestaldian. Lehenengoz deialdi bateratua egina zuten etxebizitza eta lan arloko sindikatu askotarikoek, eta bere isla izan du horrek eguerdian Iruñeko Gazteluko Plazak eskaini duen argazkian. Iruñerriko herri eta auzoetatik sei zutabe elkartu dira 12:30etan Iruñeko erdigunean. Antsoaindik, Burlatatik , Mendillorritik, Arrosadiatik, ospitaleetatik eta Sanduzelaitik iritsi dira zutabeak. Nafarroako beste eskualdeetatik ere ehunka lagun hurbildu dira nafar hiriburura, besteak beste, Sakanatik.
Etxebizitza eskubidea bermatzearen eta espekulazioa debekatzearen alde hartu dituzte karrikak milaka norbanakoek, etxebizitza sindikatuen eta lan arlokoen deiari erantzunez. Nafarroan LAB, ELA, Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Haritu eta STEILAS izan dira deitzaile nagusiak, baita estatu mailako CCOO eta UGT ere. Goizean mobilizatu dira lehenak, arratsaldean bigarrenak.
Goizean-goiz hasi dira atzematen mobilizazioak Iruñeko zoko-bazter desberdinetan: Nafarroako Unbertsitate Publikoko ikasleen mobilizazioetatik hasi eta Billabesen kotxe-tokian egin diren pikete informatiboetara, goizeko giroak eguerdian zetorrenaren tenperatura eman du jada. Alde Zaharreko denda gehienek ere ez dituzte euren pertsianak altxatu, greba egunarekin bat eginez.
Eskakizun askotarikoak, aldarri nagusi baten pean: etxebizitza eskubidea
Nafarroan grebara deitu duten sindikatu nagusiek jardunaldiaren arrakasta atzeman dute goizetik. ELA-ko Imanol Pascualek aditzera eman bezala, “Nafarroan urte luzez egin den lanari esker” herdietsi da emaitza: “Horren ondorio zuzena da azken urteotan Nafarroan 13 greba egin ditugun bitartean, Estatu mailan soilik lau egin direla”. Greba egunean, salaketa nagusia “etxebizitza politiken porrota” nabarmentzea izan dela adierazi du, eta horren aurrean “neurri estrukturalak” behar direla nabarmendu.
LAB-etik, bestalde, ekintza sindikala etxebizitzaren auziari aurre egiteko tresna baliagarriena dela nabarmendu dute. “Argi dago arrakala nagusia soldatetan dagoela eta horregatik urte hasieran gutxieneko soldataren aldeko greba bat antolatu genuen”, argitu du Jaime Iribarren sindikatuko kideak. “Bestetik, begibistakoa da etxebizitza dela momentu honetan, arrakala horretan sakontzeko faktore nagusia lantegietatik kanpo. Horregatik gure ustez halabeharrez ekintza sindikala antolatu behar da lantegietan eta lantegietatik kanpo”.
Langile sindikatuekin batera, etxebizitza sindikatuak izan dira greba eguneko deitzaile nagusiak. Bai Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik baita Haritu Saretik ere, aldarrikapenak muturrera eraman eta erradikalizatzeko beharra nabarmendu dute. “Gure apustua argia da: desjabetzea eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari”, adierazi du Harituko Zuberoa Uhaldek. Eraldaketa “instituzioetatik kanpo” egin behar dela azpimarratu du, bere aldetik, Etxebizitza Sindikatuko Ainhoa Mendiluzek, eta hiru gakotan laburbildu du sindikatuko aldarrien oinarria: “Etxejabe handien desjabetzea, espekulazioaren debekua eta behar sozialetan oinarritutako etxebizitzaren banaketa”.