Elena Berazadi: "Amari zor genion Valentin Larrea aitonaren ondarea publiko egitea"

Euskalerria Irratia

Valentin Larrea Iturbe 70 urtez bizi izan zen Txapitela kalean, Eslava Kasinoan pianista 50 urtez izan zen bitartean, eta hil arte. Aurten bere jaiotzaren 150. Urteurrenaren kari, bere oinordekoek berreskuratu egin dute erabat itzalean geratu zen obra. Azaroaren 4an proiektu osoa aurkeztuko dute LABAn eta azaroaren 13an Larrearen obrak adituko dira Baluarten egingo den kontzertu berezian. 

Elena Berazadiren ama arduratu zen Valentin Larrearen partiturak gordetzeaz. Errenteriako Eresbil artxibora eraman zituen, eta kopia bat etxean gorde zuen. Ama hil zenean, Elena Berazadik gorde zuen partituraz betetako kutxa, baina inoiz ez zion haren lanari behar adinako garrantzirik eman.

Kutxan zeuden partiturak pianista bati eman zizkioten, eta familia osoarentzako kontzertu bat antolatu zuten etxeko ganbaran. Hortik sortu zen Iruñean kontzertu bat egiteko ideia. 2019an, Iruñeko San Lorenzo elizan, Valentin Larreak sortutako azken piezak jendaurrean entzun ziren lehen aldiz.

Familia osoaren inplikazioari esker, Valentin Larrea Iturbe musikariaren obrak berreskuratu dituzte. Horrez gain, haren bizitza eta ibilbidea jasotzen dituen liburu biografiko bat argitaratu dute, eta musikariaren ondarea berreskuratzeko prozesuaren nondik norakoak bildu dituzte dokumental batean.

Berreskuratze-prozesu hori guztia nola gauzatu duten azalduko dute LABAn, datorren azaroaren 4an eta 13an. Horrez gain, Valentin Larrearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko, haren musika entzuteko aukera izango da Baluarten, azaroaren 13an, 19:30ean, eskainiko den kontzertuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!