Bertsolari ekosistemako ertzetik txapela janztera iritsi dira biok ala biok. Saioa Alkaizak Nafarroakoa bereganatu zuen 2021ean; Maialen Lujanbiok, Euskal Herri osokoa 2009an, 2017an eta 2022an.
Bakoitzak egindako bideaz, garaturiko bertsokeraz, bertsolaritzaren inguruko ikuskeraz eta beste hainbat solastuko dira ostegunean Lujanbio eta Alkaiza Euskalerria Irratiaren egoitza berrian, Iruñeko Karrika Nagusiko 54 zenbakian hain zuzen ere. Ostegunean izanen da, hilaren 29arekin, 19:00etan. Sarrera libre izanen da, aretoa bete arte.
Honako hau izanen da Euskalerria Irratiak bere egoitza berrian eginen duen lehen kultur emanaldia. Gauzak horrela, bertaratzen direnek Lujanbioren eta Alkaizaren gogoetak entzuteaz gain, plato estudio berria bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dute: sei metroko LED pantaila erraldoia, sei kamera digital eta publikoan 35 lagunentzako lekua, besteak beste.
Emanaldia grabatu eginen da, eta biharamunean Euskalerria Irratiaren webgunean izanen da ikusgai.
