Gazi-gozo

Euskalerria Irratia

Herenegun, arratsalde amaieran, irakurri nuen Villatuertako udalak herriko eskolan D eredua ezartzeko eskaera egiten zuela. Antza, haur eskolako 8 haurren familien eskaria atenditzea du helburu, bai eta herriko eskola salbatzeko bide bat jorratzea. Harritu ninduen irakurtzeak PSNko alkate baten eskaria zela, eta are gehiago jakiteak gehiengo osoz gobernatzen dutela.
 Ez da azken aldian PSNren partetik harritzen nauen euskararekiko berri bakarra. Uda aurretik Chivite lehendakariak atea zabaldu zion LORAFNAren erreformaren bidez euskara Nafaroa osoko hizkuntza izendatzeari. Deigarria egin zait ere, nahiz eta erabat anekdotikoa izan, datozen hauteskundeetako aurrekanpainako leloa elebiz ikustea PSNren kartelen batean.
 Horrek ez du esan nahi, argi eta garbi, PSNk euskararekin duen jarrera erabat aldatu duenik. Adibide argiena PSNko Gimeno kontseilariak hartutako erabaki euskarafoboak dira, azken urtean Nafar Gobernua lehertzeko zorian uztera iritsi izan direnak. Ikusi beharko da Villatuertako udalaren eskariari zein erantzun ematen dion alderdi bereko kontseilari horrek zer erantzuten dion.
 Eta argi dago ere ez garela belaunaldien arteko talka bati buruz ari. Ez da PSNko gazteek jarrera berri bat dutenik euskararekiko. Orkoienera begiratu eta bertako PSNko alkate gaztearen erabaki eta diskurtsoen berri irakurtzea besterik ez dugu. Ziurrenik Iruñerriko UPNko alkate askoren jarrera baino gogorragoa.
 Beraz, argi dago asko duela hobetzeko PSNk euskararekin. Normalean gaziak besterik ez dizkigu eskaintzen euskaldunoi, baina gutxi batzutan, oso gutxitan, gozoago ematen duten batzuk eskaintzen hasia da. Eta hasia dela diot, orain gutxi arte ez zigulako gozo gutxi hori ere eskaintzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!