Egun hauetan, arte eszenikoez, sorkuntzaz eta komunitatean bizitako esperientziez gozatzeko aukera dugu gurean. Izan ere, urriaren 9an abiatu zen Teatrodix jaialdia azken txanpan sartzen ari da, eta urriaren 24an erranen dio agur aurtengo edizioari. Metropoli Foralean Mikel Artxango jaialdiko zuzendariarekin izan gara solasean. Oso balorazio positiboa egin du aurtengo edizioaren inguruan: "Publiko gehiago hurbildu da, ikusleen parte-hartzea handitu da, eta jendeak proposamenez gozatu du" esan du gurean.
Programazioa osatzeko orduan, irizpide bat baino gehiago hartzen dituzte kontuan Teatrodixen, baina badago jaialdi hau bereizten duen ezaugarri nagusi bat: "Ez da ohiko jaialdi bat, arte eszenikoen eta sorkuntza komunitarioaren aldeko apustua egiten duen topagunea baizik", adierazi du Artxangok. Horregatik, gaien hautaketak garrantzi handia du, baina baita lan egiteko moduak ere: "Jaialdiko hainbat antzezlan sorkuntza kolektiboaren bidez sortuak dira. Hau da, ez da zuzendaria edo dinamizatzailea gidoia idazten duen bakarra; talde osoak hartzen du parte sorkuntza-prozesuan, elkarrizketaren, ideien trukearen eta elkarlanaren bidez" zehaztu du zuzendariak.
Bi ikuskizun falta dira oraindik Teatrodix jaialdiaren aurtengo edizioari amaiera emateko. Gaur bertan, Leitzako ikasleen aurrean taularatuko du Ander Txantxek Landa bila obra. Clown ikuskizun horretan, heriotza, umorea eta euskal dantzak uztartzen dira. Asteazken honetan jaialdiari amaiera emango dion "Casting Bikaina" obraz ere aritu gara. Roger Bernat zuzendariak proposamen berezi bat ekarriko du non 50 nafar inguruk parte-hartuko duten. Baina, Mikel Artxangok berak aitortu digun bezala, inork ez daki oso ongi zer gertatuko den oholtza gainean. Ezustekoa, beraz, ziurtatuta dago.
Oraindik ere badira sarrerak Gayarre antzokian. Gainera, mundu mailako estreinaldia izanen da. Teatrodix jaialdia amaitzeko modu ezin bereziagoa, arte eszenikoak, komunitatea eta sorkuntza kolektiboa ardatz hartuta.