Gaur goizeko 10:49an gertatu da, eta Iruñeko hainbat tokitan nabarmen sumatu dute. Azken orduetako hirugarren lurrikara izan da, eta orain arteko indartsuena. 3,6 graduko lurrikara bat erregistratu dute gaur goizean Iruñerrian, Richter eskalan. Espainiako Institutu Sismologiko Nazionalaren webgunearen arabera, azken orduetako hirugarren dardara izan da, eta indartsuena ere bai.
10:49an gertatu da, eta epizentroa Arangurenen kokatu dute, hasiera batean Burlatan zegoela adierazi bazuten ere. Lurrikara lurrazaletik hiru kilometrora gertatu da. Dardara Iruñeko hainbat tokitan sumatu dute. Herritar batzuek zarata handia entzun dutela eta kristalak ere dardarka hasi direla kontatu dute.
Oraingoz, ez da kalte materialik ezta zauriturik ere jakinarazi, baina lurrikarak ezusteko handia eragin du herritarren artean.