Heldu den urtean hauteskundeak izanen dira Nafarroan. Ez dirudi asko aldatuko denik panorama, beraz biziberritze prozesuak behar dituen neurri ausart eta eraginkorrak, prozesua bultzatu nahi eta orain arte jarrera epel, ez axola edo hainbat gaietan kontrakotasuna erakutsi dutenen artean negoziatu eta adostu beharko dira, neurri horiek parlamentuaren gehiengoaren babesa jasoko badute. Horretan nire ustez pentsamendu ezberdina duten horien artean, elkarrizketa markoa gehienok bere egiten duten baloreetan oinarritzea lagungarria izan daiteke: aniztasunaren alde, berdintasunaren alde eta bizikidetzaren alde daudela adierazten dute maiz. Kokatu dezagun bada horretan elkarrizketa markoa. Jarri dezagun guztion koherentzia ispiluaren aurrean. Izan ere, aniztasunaren alde bagaude, euskararen alde egitea koherentea da, berdintasunean sinestea da eta bizikidetzaren alde egitea da. Gutxik jartzen dute zalantzan, euskara Nafarroako aniztasuna eta aberastasun kulturalaren isla denik. Are esan dezakegu, munduko aniztasunari Nafarroak egiten dion ekarpen gorena euskara da. Bestalde, berdintasuna helburu Nafarroan egoera zaurgarriagoan dagoen hiztun komunitatearen alde ekitatez jokatzea justizia egitea da, errespetuz oinarrituriko bizikidetzaren alde egitea da. Hortxe beste aukeratxo bat.