V. Mintzodromoa

Ainhoa Madariaga (Zubiarte): "Mintzodromoan parte hartzea sustatzeko gaur ez dugu klaserik euskaltegian"

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 24a

Euskarabideak antolatuta, Iruñerriko euskaltegi eta Tauparekin elkarlanean, 160 lagun bildu ziren Baluarten euskaraz aritzeko

Iruñerriko Mintzodromoaren bosgarren edizioa ospatu zen atzo arratsaldean Baluarten. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak antolatu zuen bigarren aldiz, AEK, IKA, Zubiarte Euskaltegia, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin elkarlanean. Aurtengo leloa: Tar-tarrean goxo-goxo. Halaxe aritu baitziren, lau lagunetako taldetan banatuta, Baluarteko Ciudadela aretora hurbildu ziren euskara ikasle eta mintzakideak. Bi helburu nagusi zituen atzoko ekimenak: euskaraz aritzea eta euskaraz gehiago hitz egiteko aukerak biderkatzeko, parte-hartzaileen harreman sarea ugaritzea.

160 lagun aritu ziren tar-tarrean, 36 mahai desberdinetan, 20 minututako hiru txandatan. Antolatzaileek hizketa gai batzuk proposatu zituzten, baita galdera desberdinak ere, solasaldiak errazte aldera. Orain arteko lau edizioetan 600 lagunetik gora aritu dira, eta urtero balorazioa oso positiboa izan da.

Mintzodromora hurbildu ziren parte hartzaileak ez ziren bakarrik egon. Gonbidatu bereziak zituzten zain mahai desberdinetan sakabanatuta. Oskar Alegria zinemagilea, Klaudia Rodrigez musikaria, Sarai Robles bertsolaria eta Joseba Beramendi Exprai marrazkilaria izan ziren aurtengo gonbidatuak.

2025-2026 ikasturtean % 32a igo da euskara ikasteko izena eman duten helduen ehunekoa Nafarroan, eta % 54 A1 mailan izena eman dutenena. Hori horrela, helduen euskalduntzean diharduten erakundeek, Euskarabidearen babesarekin, ezagutzatik erabilerara jauzi egiteko ekimenak antolatzen dituzte, eta horren adibide delarik, hain zuzen ere, Iruñerriko Mintzodromoa

Euskalerria Irratia ere Mintzodromora hurbildu zen eta Irrintzi Plaza saioa zuzenean emititu zen Baluarteko Ciudadela aretotik. Hainbat gonbidatu berezi igaro ziren gure mikroen aurretik. Jabi Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria, Marta Molinero AEK-ko irakaslea, Xabier Martinez de Lezea IKAko kidea, Taupako Emma Arrizabalaga eta Naiara Urkijo, Ainhoa Madariaga Zubiarte euskaltegiko zuzendaria, Jaume Gelabert Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara departamentuko burua, Sarai Robles, Klaudia Rodrigez eta Joseba Beramendi, Exprai izan genituen gonbidatu. Denak, tar-tarrean goxo-goxo aritu ziren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!