"Euskal gatazka armatuaz ari garenean, errelato bakarra ez da posiblea ez desiragarria"

Miren Mindegia 2026ko martxoaren 26a

'Sin permiso' izenburupean, Mari Luz Estebanek, Olatz Dañobeitiak eta Marta Luxanek euskal gatazka armatuaren inguruan azken urteotan euskaraz argitaratu diren hainbat hausnarketa itzuli eta plazaratu dituzte. Asteartean aurkeztuko dute liburua Katakraken, arratsaldeko 19:00etan

Euskal gatazka armatuaren inguruan eraikitzen eta nagusitzen ari den errelato "bakarrari" aurre egite aldera, Mari Luz Estebanek, Olatz Dañobeitiak eta Marta Luxanek azken urteotan diziplina eta begirada askotarikoetatik euskaraz egin diren ekarpen akademikoetako batzuk bildu eta gaztelerara itzuli dituzte, Sin permiso izenburupean eta Bellaterra argitaletxearen zigiluarekin argitaratuz. Asteartean, martxoaren 31n, aurkeztuko dute liburua Katakraken, arratsaldeko 19:00etan. Bertan egonen da Luxan bera, liburua osatzen duten egileetako bi diren Maider Galardirekin eta Onintza Odriozolarekin batera. 

"Euskal Herrian mugimendu feminista dinamiko, anitz eta kritikoa daukagu, gizarte bezala astintzen gaituena", zehaztu dute egileek. "Hausnarketarako ekosistema propio bat da, gehiengoan euskaraz garatzen dena eta, gatazka armatuaren inguruan, gaur egun ere oraindik onartzen eta ikusten ez diren bizipen askotarikoak bildu eta ikertzen dituena". Gauzak horrela, hausnarketa horietako batzuk hautatu eta gaztelerara itzultzea erabaki zuten liburuaren egileek, ekarpen gisa. 

Gatazka armatuaren inguruan nagusitzen ari den errelatoa "alde bakarrekoa" dela azpimarratu du Luxanek, "gehienbat fikziotik eta hedabideetatik zabaldu den iruditeriaz elikatzen dena". Horren aurrean, ikuspegi feministak gertatutakoaren ikuspegi berri bat baino, errealiteari modu berri batean begiratzeko abagunea eskaintzen du. "Errelato bakarra ez da ez posiblea, ezta desiragarria ere", azpimarratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!