Kaligrafia Ibilbideak jaialdiak idazketaren inguruan hausnartuko du otsailaren 19tik 21era

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 2a

Jaialdi nagusia baino lehen hainbat jarduera eta aktibitate eginen dira egunotan Iruñean, tartean Jon Zabalegiren kaligrafia tailerra

Zein izan zen eskuz idatzi zenuen azkeneko aldia? Garai teknologikoek teklatuetara hurbildu eta idatzizko letratik urrundu gaituzte. Kaligrafia Ibilbideak programak horri buelta eman nahiko dio, beren gogoeta eskuzko idazketa eta kaligrafiaren inguruan garatuz, eta honen bitartez identitatearen, hezkuntzaren, memoriaren, osasunaren eta teknologiaren inguruan hausnarketa bat piztuz. Otsailaren 19tik 21era bitartean izanen da hori. Egun horiek iritsi bitartean, alta, bestelako jarduera osagarri batzuekin motorrak berotzen hasi dira. Egitarauaren antolakuntza taldeko kide Jon Zabalegi letragileak ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Lehen tailerra, Mejora tu letra. Dale forma a tu escritura, ICKIko zuzendari artistikoak, Sonia Beroizek (Kö estudio), emango du. Eskuzko idazketa hobetzeko tailer praktikoa izango da, jarreran, mugimenduan eta letren formetan oinarritua, letra argiagoa, arinagoa eta irakurgarriagoa lortzeko; aurretiko esperientziarik behar izan gabe.

Otras miradas, otros lenguajes sei egunetan zehar garatuko den sorkuntza-esperimentazioko laborategia da, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroarekin lankidetzan («A3+ Programa»-ren barruan), eta otsailaren 6an, ostirala, hasiko da. Laborategian Bertha Bermúdez dantzari, ikertzaile eta dokumentalista, Berta Beruta artista bisual eta ehungilea, Sonia Beroiz (kaligrafia eta ikus-komunikazioa) eta Cristian Soto, Uharteko Zentroko hezkuntza-taldeko artista, parte hartuko dute. Laborategia Civivox Iturraman emango da otsailaren 6an, 13an eta 27an, eta martxoaren 6an, 15:00etatik 18:00etara, eta Uharteko Zentroan, martxoaren 13an eta 20an (ostiralak). Zeinu-hizkuntzatik abiatuta, kaligrafiarekin, brodatuarekin, koreografiarekin eta grabatuarekin esperimentatuko da, kode bisual berriak sortzeko.

Jaialdiaren aurreko azken tailerra, Caligrafía expresiva/experimental, otsailaren 13an egingo da Nafarroako Liburutegian, Jon Zabalegi letren artistaren eskutik. Laborategian letra xehearen egitura eraikitzen ikasiko da, ondoren modu keinu bidezko eta adierazkorrean berriz sortzeko, hainbat tresna erabiliz.

ICKIren 2. edizioa lau ardatzen inguruan antolatuko da, ospe handiko profesionalen parte-hartzearekin: La alfabetización tecnológica vs analógica: los riesgos del abandono de la escritura, Sergio García soziologoa, Andrés Shoai komunikatzailea eta Humberto Bustince zientzialaria; Didáctica de la escritura: La caligrafía como instrumento de aprendizaje, Veronika Burian tipografa eta TypeTogether-en kidea, Laia Soler kaligrafa, María Montes letren diseinatzailea eta ilustratzailea, eta Nahia Delgado de Frutos; El impacto positivo de la caligrafía en el desarrollo humano, Carlos Javier González filosofo eta psikologoa, Oriol Miró kaligrafa eta Manu Murie neuróloga; eta Desafíos del mundo digital y la escritura como expresión personal y artística, Glòria Jové hezitzailea eta pedagogoa, Joan Quirós kaligrafa, Bertha Bermúdez dantzaria, ikertzailea eta dokumentalista, eta Sonia Beroiz sustatzailea.

Kaligrafia Ibilbideaken edizio berria Nafarroako hainbat espaziotan garatuko da, hala nola Civican, Red Civivox, Nafarroako Liburutegian, Uharteko Zentroan, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan, eta baita Tebas eta Martzilla bezalako udalerrietan ere, hiri eta landa eremua integratuz. Formatoa hainbat topaketa-motatan banatzen da: hitzaldi nagusiak, mahai-inguruak, kaligrafia praktikako tailerrak, idazketa eta beste diziplina batzuen (dantza, broderia, memoria istorikoa) arteko laborategi esperimentalak, espazio publikoetan esku-hartzeak, kaligrafia-ibilaldiak, erakusketak eta emaitzak jasoko dituen argitalpen finala.

Proiektuaren inklusioarekiko eta kontzientziazioarekiko konpromisoaren ildotik, antolakuntzatik egiten den lana da programatutako jarduerak ahalik eta gehien irisgarriak izatea. Horrenbestez, topaketak eta laborategi bat zeinu-hizkuntzako itzultzailearekin eskainiko dira, eta material inprimatua Braillez eta webeko testuak irakurketa errazeko moduan egongo dira.

Edizio berri honekin, Kaligrafia Ibilbideak Espainian eta Europan kaligrafia garaikidearen erreferente bihurtzea du helburu, eskuzko idazketaren inguruko produkzio-, zabalkunde- eta gogoeta-espazioak artikulatuz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!