Iruñea prest Errege Magoen Kabalkadarako

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 30a

Nafar hiriburua prest dago, urtero legez, hiru Errege Magoei merezitako harrera egiteko. 16:30ean sartuko da Kabalkada Alde Zaharrera, tradizioari jarraituz, Zumalakarregi atetik

Urtarrilaren 5ean iritsiko da Errege Magoen Kabalkada nafar hiriburura, urtero legez, eta hiria prest dago jada harrera handirako. Tradizioa jarraituz, Zumalakarregi atetik sartuko dira Alde Zaharrera hiru erregeak euren dromedarioen gainean, arratsaldeko 16:30ean.

Kabalkadaren kalejira ere prest dago, antolatzaileek adierazi bezala, inoizko handiena izanen dena:  mila lagunetik gora aterako dira kalera Errege Magoen konpainian. Aurten, hiru talde berri ere izanen dituzte: ikatza egiten dutenak egonen dira, bernizatzaileak eta argiztatzaileak. Eskuzabal iritsiko dira hiru erregeak eta beren konpartsa guztia, izan ere, 4 tona goxoki jaurtiko dituzte, haurren gozamenerako.

Ohiko ibilbidea eginen du kabalkadak arratsaldeko 19:00etatik abiatuta: Abejera kalea, Foruen plaza, Zaragoza etorbidea, Vianako printzea plaza, Vinculo plaza, Sarasate pasealekua, Gazteluko plaza, Carlos hirugarrena etorbidea, Gorteen kalea, Amaia kalea eta Erriberri kalean amaituko dute. 
Errege Magoen Kabalkada, urtarrilaren 5eko kalejira baino askoz ere gehiago izaten da. Ospitaleak bisitatuko dituzte eta beste zenbait entitate ere bai.

Bestalde, lehiaketak ere eginen dira kabalkadaren kontura. Aurten, lehenengoz, sare sozialetako reel txapelketa antolatu da, aurreko urteetako idatzien, marrazkien eta gabon kanten lehiaketak baztertu gabe. Errege-opilen dastaketa ere eginen dute, urtarrilaren 3an Vinculo plazan. 

Iruñeko Kabalkadak 100 urte

Iruñeko Kabalkadak 100 urte beteko ditu 2026an. Urteurren borobil horretan, berrikuntzak eta ekimen bereziak eginen dituztela iragarri dute dagoeneko. Laster emanen dituzte guzti horien berri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!