Joanes Illarregik Tafallako saioa irabazita, osatu zuten aurreko igandean Nafarroako Bertsolari Txapelketan lehiatuko den zortzikotea: Joanes Illarregi bera, Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena. Belaunaldiartekotasunaren eta genero parekotasunaren isla da aurtengo finalaren argazkia. Lehenengo finala izango dute Zapiainek eta Mateorenak.
Finala datorren larunbatean, azaroaren 29an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Lehen aldia da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatuko dena. Bide emankorra egin du orain artean txapelketak eta “inoizko finalik jendetsuena" espero dutela ohartarazi du Saioa Oneka komunikazio arduradunak.
Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena izango dira epaile. Gaiak Ainhoa Larretxeak eta Ander Aranburuk jarriko dituzte. Bost ariketa eginen dituzte: binaka gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; eta banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian. Ondoren, buruz burukoari ekingo diote eta azkenik, banaka, ganbarako lana eginen dute bertsolariek.
Txapela nork jantziko duen datorren larunbatean argituko dugu, baina badakigu dagoeneko noren eskutik jasoko duen: Zaldiko Maldiko elkartea izango da txapel emailea. 1981ean sortu zuten elkartea, eta urte betera, Lontxo Aburuzarekin lehen bertso eskola antolatu zuten.
Irailean 24 bertsolarik hasitako bidea, azaroaren 29an amaituko da, Nafarroa Arenan, 30 boluntarioren lanari esker, eta milaka ikusleren artean. Gainera, 2300 lagunetik 2500eraino handitu dute aurten edukiera.
Euskalerria Irratiak finala emanen du irratiz, saio berezian. Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Miren Mindegia eta Bidane Beloki arituko dira bertatik bertara Nafarroa Arenatik.