Elurra ari du Iruñean eta goizaldean hasi dira lehen elur malutak zenbait txokotan mamitzen. Nafarroako errepide sarera begira zailtasunak izan dira egunak argitu gabe segitzen zuenean zenbait errepidetan. Iruñeko sarbideak garbi mantendu dituzte uneoro. Sakanako autobidean, Altsasu inguruan geruza zuriak du estalita autobidea, Leitzaranen eta Pagozelain ere zuritu ditu bazterrak eta errepideak ere bai, Irurtzunen eta Lekunberrin A-15ean ere elurra ari du. Eta errepide horretan, A-15ean Irurtzundik Donostiarako noranzkoan, kamioi batek istripua izan du eta errepidea itxi egin dute; desbideraketa bat jarri dute A-10 errepidetik.
Urkiagako portuan kateak behar dira baita Artesiagakoan ere, Belaguako portua itxita dago 45. kilometrotik aurrera elurragatik. Lizarratik Beasainera doan errepidea, NA-120 moztuta dago zuhaitz bat erori eta errepidea oztopatzen duelako.
Lanean ari dira elurra kentzeko makinak, baina zenbait unetan eta txokotan pilatu egiten da elurra. Errepidean adi ibiltzeko ohartarazpena egin du poliziak. Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 78 makina prest ditu, datozen orduotarako espero den elurteari aurre egiteko: elur-maila 500-400 metrora jaistea aurreikusi dute.
Foru Erkidegoaren ipar-mendebaldean, iparraldean eta erdialdean botako du elur gehien. Goizeko 06:00etatik aurrera, eta egunak aurrera egin ahala, prezipitazioak ahulagoak eta sakabanatuagoak izango dira, batez ere erdialdean. Hala ere, Estatuko Meteorologia Agentziaren arabera, Nafarroa osoan, Erriberan izan ezik, elurragatiko abisua mantenduko da arratsalde erdira arte.