24. Korrika: Atharratzetik Bilbora, euskara guztion aterpe

Bidane Beloki Ezker 2025eko azaroaren 13a

Aurten omenduko duten Errigora eta Korrikako kideak, lekukoa eskutan. (Argazkia: AEK)

24. Korrika martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik eta Bilbo izango du helmuga. Hamar gau eta hamaika egunen buruan, martxoaren 29an helduko da Bilbora Korrika, ‘Euskara gara’ lelopean. Aurten gainera, Errigora omentzeko baliatuko dute egitasmoa.

Gaur aurkeztu dute Korrikaren 24. edizioa Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Ane Pedruzok hartu du hitza eta eman du aurtengo lehen urratsa, ’Euskara gara’ lelopean egingo dugu lasterka aurten.

Korrika aurrera egiten bada ere, bista atzera bota du Maialen Begiristain AEKren Nazio Kontseiluko kideak, helmuga zein den ez ahazteko. Baionan amaitu zen korrikarekin harro, “inoizko erraldoiena eta anbiziotsuena izan zen”, eta alegia, indar hori mundu osora zabaldu nahi du aurtengo ekitaldiak.

"Euskara herritar guzti-guztiontzako aterpe ireki eta erosoa da", azaldu du Begiristainek. Berdin dio zein den "jatorria, azalaren jatorria edo zein den euskararekiko ezagutza", gaineratu du; garrantzitsuena da "guztiontzako lekua dagoela". Eta bertan, "denon artean eraikiz gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala aurkituko dugu, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen delako".

Iazko arrakasta ez zen sentsazio bat bakarrik izan, baizik eta 1.700.000 lagunek egin zuten bat 24 orduko emisioarekin. Aurten ere, zuzeneko konexioaz gainera, aplikazioa izango da korrikarekin bat egiteko modu azkar eta eraginkorrena, etxeak eta kaleak gure egiteko.

Honezkero, petoak dagoeneko salgai daude hiriburuetako dendetan eta online, baina lekukoa hartzeko unea heldu aurretik, argi eta ozen esan dute AEK kideek, “euskara ahultzen duten eragileekin, adi”. Zeregin horretan, instituzioei dei egin diete “hizkuntza politika sendoak egin eta bultzatzeko”.

Korrika, euskarari puzka

Korrikaren Koordinatzaile Ane Elordik parte hartzera dei egin du Korrikaren mezua zabaldu aurretik. Euskara beraz, ez da muga bat, zubi bat baizik. Kohesiorako tresna da euskara, eta hain zuzen, Errigora omenduko du aurten Korrikak: “Euskaratik, euskararako eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarra da”. Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuan euskalduntzean egindako ahaleginagatik egin nahi dio aitortza Korrikak.

Bitartean, aktibatu dugu dagoeneko atzera kontaketa Euskal Herrian, 126 egun falta dira Euskal Herria kalez-kale, plazaz-plaza eta herriz-herri zeharkatzeko.

Lekukoa hartzeko esperoan, Korrikak badu mezua

Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!