'Nafarroako Irakasleok Palestinarekin' taldeak jakinarazi duenez Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 700 irakasle baino gehiago greba deialdia babestu dute. Eredu eta ikastetxe guztietan, publiko zein itundunetan, zabaldu dute deia eta bat egingo dute irakasleek asteazkenean, urriaren 15ean, Palestinari babesa emateko greba orokorrarekin.
Palestinaren aldeko irakasleen aldarrikapenak eta eskaerak jasotzen dituen manifestu bat sinatu dute, "baina badakigu asko eta askoz gehiago garela genozidio hori arbuiatu eta salatzen dugunak eta erakunde guztiei geldiarazteko urrats praktiko eta sendoak emateko eskatzen diegunak", azaldu dute.
Genozidioaren aurrean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gogorarazi diote “hezkuntza ezin dela neutrala izan”. “Gazteria hezten ari gara, eta gure erantzukizun etikoa da genozidio kolonial hori argi eta garbi agerian uztea eta salatzea”, gaineratu dute sinatzaileek. Gogorarazi dute Israelek etengabe urratzen dituela haur eta nerabe palestinarren eskubideak eta hori ere salatu behar dutela. "Gure helburua kurtso honen normaltasuna apurtzea da. Ezin dugu kalitatezko hezkuntzaz hitz egin genozidio honen aurrean ikasturtea normaltasun osoz hasten badugu", adierazi dute.
Positibotzat jo dute hezkuntzako sindikatuek erregistratutako 24 orduko greba, halere, “nahikoa ez dela” argi dute: “greba hau urrats bat besterik ez da”.