Urriaren 26an, igandea, boluntariotza-jardunaldia egingo dute Ezkaba mendia garbitzeko

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 30a

Urriaren 26an, igandea, Iruñerriko Mankomunitateak Ezkaba mendia garbitzeko auzolana - boluntarioen jardunaldia egingo du, inguruan dauden hondakinak biltzeko helburuarekin.

 

Iruñerriko Mankomunitateak Ezkaba mendia garbitzeko auzolana edo boluntariotza-jardunaldia egingo du urriaren 26an, igandea, inguru horretan dauden zaborrak biltzeko. Hain zuzen ere, boluntarioak mendiaren inguruneko herri desberdinetatik abiatzen direnean hasiko da jarduera. Antolatzaileek mendira iristeko toki desberdinak seinaleztatuko dituzte, eta haietan, bertako koordinatzaileek zabor-poltsak, eskularruak, matxardak eta txalekoak emango dizkiete boluntarioei.

Zehazki, abiatzeko tokiak eta orduak hauek izango dira:

Aitzoain

10:00

Pilotalekua
Antsoain

10:30

Alde Zaharreko aparkalekua
Arre

9:30

Muebles Rey saltokia
Artika

10:00

Kultura-etxea
Azoz/Azotz

10:00

Autobusaren geralekua
Berriogoiti

10:00

Eliza
Berriozar

10:00

Natura-gela
Uharte

10:00

Urbiko gunea
Orrio

10:30

Igerilekua
Iruña

10:00

Psikiatrikoko pasabidea
Atarrabia

10:00

Villava hotela
Untzu

10:00

Eliza

Jardunaldia Ezkaba mendiaren tontorrean amaituko da, eta parte hartu duten pertsona guztiak hamaiketakoa jatera gonbidatuko dira. Auzolanerako deia egin duten erakundeak hauek dira: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Ezkabarte, Uharte, Txulapain, Iruña eta Atarrabia udalerriak; Aitzoain, Arre, Artika, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Orrio eta Untzu kontzejuak; eta Iruñerriko Mankomunitatea. Atarrabiako eta Uharteko taldeetan parte hartzen duten pertsonek herri horien inguruko kokaleku batean jango dute hamaiketakoa, eta boluntarioen bidez emango zaie horren berri.  

Auzolanean parte hartzeko, Mankomunitatearen webguneko jardueren atalean eman behar da izena: www.mcp.es. Hain zuzen ere, izena emateko epea urriaren 23a arte, osteguna, egongo da zabalik, eguerdiko ordu biak arte.

IMk kudeatutako parke berria

Ezkabako Eskualde Parkeak gutxi gorabehera 1.000 hektareako hedadura du, eta bere garapen-eremuak zortzi udalerri hartzen ditu: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Txulapain, Ezkabarte, Atarrabia, Iruña eta Uharte. Udal horiez gain, Eskualde Parkea sustatzean kontzeju hauek ere parte hartu dute: Aitzoain, Arre, Artika, Azotz, Berriogoiti, Zildotz, Orikain, Orrio eta Untzu.

2022ko abenduan, aipatutako esparru horretako toki-erakundeek sustatuta eta IMk koordinatuta, Nafarroako Gobernuak Ezkabako Eskualde Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektoriala (UPS) onartu zuen, 2016an hasi ziren izapide konplexu eta korapilatsu batzuen ondoren. 2023ko maiatzean, udalerriek eskualde-erakundeari parke berriaren kudeaketa transferitzea onetsi zuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak.

Une honetan, udalerriekin eta kontzejuekin lan egiten ari da erakundea, Ezkabaren Plan Estrategikoa garatzeko lehentasunak ezartzeko. Plan estrategiko horretan, zehazki, eskualde-parkearen garrantzia nabarmentzeko jarduketa desberdinak jasotzen dira. Babestea eta suteei aurrea hartzea lortu nahi da, bertako natura- eta kultura-ondarea kontserbatzea eta bai erabilerak eta jarduerak arautzea ere.

Iruñerriko Ibai Parkea kudeatzen IMk hainbat urtean hartutako eskarmentuak ahalbidetuko dio erakundeari kudeaketa-eredu horri jarraitzea eskualde-eremu berri honetan.

Mendia mantentzeko eta garbitzeko urgentziazko neurriak

Gogoan izan behar da, urte hauetan, Udalez gaindiko Plan Sektoriala izapidetzea bultzatzen zen bitartean, beti jarri izan dela arreta berezia hainbat proiekturi ekitean. Ezkaba mendian zenbait hobekuntza egitea ahalbidetu duten proiektuak izan dira, zehazki: mendiko bideen eta mendiko bizikletaz ibiltzeko bideen sarea antolatzea, seinaleak jartzea, zenbait pistatara sartzea mugatzea, guneetan mantentze-lanak egitea eta hainbat ekintza gauzatzea boluntarioekin. Testuinguru honetan antolatu da mendia garbitzeko boluntariotza-jardunaldia, eta 2016an, 2021ean, 2023an eta 2024an egin zirenak ditu aurrekari moduan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!