Anaitasuna jendez bete zen larunbatean, Anaitasunak guztiz bete gintuen irailaren 27 honetan. 50 urte egin dira Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituztenetik; 50 urte Francok “dena lotuta eta ongi lotuta” esaldia gogorarazi zigunetik: diktadura hilzorian zen, baina azkeneko kolpe izugarri hura emateko kapaza zen, eta hala egin zuen. Gogorarazi zigun han jarraitzen zuela frankismoak, diktadorea hil hurren egonda ere.
Geroztik, mundu oso bat pasatu da, bizitza osoak; baina askatzeke dagoen korapiloak hor jarraitzen du. Trantsizio deitu zuten transakzio hark estatu-aparatuak bere horretan utzi zituen, “ongi lotuta”, emantzipazio sozial eta nazional oro geldiarazteko eta eragozteko asmoz. Korapiloa askatzera lotu garenon elkargunea izan zen Anaitasuna larunbatean, 50 urteren ondotik konjura honetara, nazio askapen mugimendura, lotu garenon elkargune. Irakurketa interesatuen gainetik, manipulazioen gainetik, milaka izan ginen Txiki eta Otaegiren fusilamenduak gogoratu genituenak.
Ezin izan zuten eta ezin izanen dute. Askatasunaren haizearen alde, harrapa gaitzala bizitzak borrokan eta Euskal Herri hobe baten aldeko lanean, gauden lekuan gaudela.