Pasa den urteko apirilean jarri zen martxan parte-hartze prozesu bat Iruñeko Sanduzelai auzoa eraldatzeko proposamenak bilduko zituena. Hiru egitasmo aurkeztu zituzten jendaurrean eta bizilagunengandik jasotako aportazioekin Berdeando izenekoak lortu du gainerako bien gainetik geratzea: "Proposamen konplexua da, bazeuden arinagoak eta erosoago egitekoak zirenak, baina etorkizuneko Iruñea hobekien diseinatzen duena eta hobekien egokitzen denaren aldeko apustua egin dugu", azaldu du Gobernu Estrategia, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda zinegotzi Joxe Abaurreak.
Proiektu horren bitartez Sanduzelai auzoak lurrazpian izanen du auzoa zatikatzen duen errepidea, eta auzoa saretzea erdietsi nahi duen eremua sortuko du: oinezkoak izanen dira protagonista eta gainerako auzoetan gertatzen ari den bezala, naturak ere nagusitasuna izanen du.Lurperatze horrek oinezkoentzako eremu zabal bat sortuko du, funtzio anitzekoa eta naturalizatua, eta auzoa erdiguneko biribilgunearen hesiak zatitzen duen lau koadranteen arteko lotura izanen da. Jarduketa horiek Sanduzelai eraldatzeko gauzatu nahi den proiekturako oinarri gisa aukeratutako Berdeando proposamen berdearen parte dira. Eraikinen arteko zementuzko espazioen birnaturalizazioa edo trafikoa auzoko kanpoko kaleetatik zirkuitu perimetral batera eramatea dira proposamen horren beste alderdi nabarmenetako batzuk.
Datozen hilabeteotan planaren erredakzioa egin beharko dute OFS Architect eta Sertecnak eta hori 2026. urtearen amaierako egin beharko du. Hortik aurrera, lanak 2027an hasiko lirateke eta hiru urtez luzatuko lirateke. Beraz, 2030erako amaituak leudeke hasierako kalkuluen arabera. Ibilgailuak lur azpitik joateko lanak izanen dira garestienak, lan osoaren kostua 32 milioi euro ingurukoa izanen da eta 28 joanen dira horretara.
2027an hasi eta hiru urtez luzatuko diren lanak
Hiru urteko lanak aurreikusi dituzte, ez delako bakarrik ibilgailuan lur azpitik bideratzea eta kitto: "Egitasmo integral bat da", nabarmedu du Abaurreak. Proposatzen duten lurperatzeak Juaristi doktorearen eta Canalejo eta Reparaz doktorearen kaleen arteko Nafarroa etorbidearen zatia hartuko luke. Oraingoz, lurperatzearekin ez litzateke egungo trenbideraino iritsiko, AHTren PSISaren eta trenbide-begizta kentzearen mende ez egoteko. Auzoaren iparraldeko eremu horretan, trenbidearen azpiko egungo pasabidearen azpian pilatzen da trafikoa, eta ranpen bidez lotzen da Canalejo eta Reparaz kaleetara. Lurpeko bideak zirkulazio-errei bat izanen du noranzko bakoitzean, eta ez da elkargunerik egonen: "Kalkuluen arabera, lurperatze horrek Sanduzelaiko biribilgunea zeharkatzen duen trafikoaren % 70 eta % 80 artean ken dezake", azaldu du Abaurreak.
Berdeando-k gainera, proposamen berdeak jaso ditu, oinezkoen plataforma zabal bat sortzen du, komunitate-espazio berriak erraztuko dituena, biribilguneak auzoa zatitzen duen lau koadranteak berriz lotzea, Arga pasealekua integratzea, ekialde-mendebalde berkonektatzea eta desnaturalizatutako hiri-espazioak birnaturalizatzea. Aukeratutako proposamenak zonaldeen arteko birkonexioak sortuko ditu, kalitatezko oinezkoen ibilbideen bidez. Ibilbide horiek negozio-aukerak sortu eta etxabeak biziberrituko dituzte. Etxebizitza-blokeen artean ere badira espazio huts handiak, hirigintza taktikoaren bidez berrinterpretatuko direnak.
Informazio bilera, astelehenean
Auzotarrei xehetasun guztiak helarazteko helburuz datorren astelehenean, urriak 6 18:30etan auzo horretako Civivoxeko areto batean, Berdeando proiektuko egileak izanen dira udaleko teknikariekin batera euren proposamenak dituen ildo guztien berri ematen.