Euskara hauspotzeko astea Berriozarren

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 26a

Irailaren 29tik urriaren 4ra Euskararen Astea ospatuko da Berriozarren. Kirol arloan ere euskal hizkuntza sustatzeko ekinbidea abiatu du Berriozarko udalak.

Indarrez itzuli da euskararen astea Berriozarrera. Duela hiru urte berpiztu zuten ospakizun hau Ezkabapean kokatzen den herri honetan, hamar urtez itzalita egon ondotik. Herriko jaiak bururaturik, urriko lehen asteburuan ezarria dute hitzordua. Irailaren 22tik urriaren 4era egitaraua ondu dute, eta urriaren 4ean Euskararen eguna ospatuko dute. Ekimenak herriko euskaldunen komunitatea trinkotu ez ezik, euskal hizkuntza berriozartar guztiei gerturatu nahi die.

Zentzu horretan, kirola alorrean eragitearen beharra identifikatu dute. Kirola gaztetxo aunitzen topaleku izanik, Aurrera Beti! ekimena abiatu du udalak. Berriozarko kirol taldeen egoera linguistikoaren diagnostikoa garatu dute, geroan euskararen baliapena eremu horietan errotzeko estrategiak marrazteko. Herriko kiroldegian ere erabiltzaileen soslaia linguistikoa ikertu dute, zentroak proposatzen duen eskaintza euskaraz egin daitekeen aztertzeko. Hain zuzen, euskara hutsezko entrenamendu funtzionalaren jarduera abiatu dute kiroldegian. Azaldu dutenez, sasoian jartzeko jarduera da, maila guztietarako baliagarria, eta astearte eta ostegunetan izanen da, 18:00etatik 19:00etara.

 

     

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!