Iruñerriko Mankomunitateko presidentea adi jarraitzen ari da gaur goizean TCC enpresa eta Billabesetako langileen ordezkarien arteko bileratik atera daitekeenarekin. Kazetarien aurrean David Campionek esan du Mankomunitateak akordiorako baldintzak jarri dituela bi aldeen arteko negoziazio mahaian eta orain haiei dagokiela negoziazioa. “Baikor izan gaitezke, akordiorako puntuak jarri direlako mahai gainean, baina pasa den urtetik luzatzen ari den gatazka honetan ezin horrelakorik aurreikusi".
Horregatik, Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak ez du neurri gogorragoak hartzeko aukerarik baztertzen. “Edozein administraziok du enpresa batekin duen kontratatua apurtzeko aukera, baldin eta kontratu hori betetzen ari ez bada” azaldu du Campionek, “Baina hori prozesu desatsegina eta gogorra litzake alde guztiendako, Mankomunitaterako, kontratua galduko duen enpresarendako, lan baldintza berriak negoziatu beharko dituzten langileendako eta azken puntu batean ere, Billabesen erabiltzaileendako”.