Erripagañako Osasun Zentroa 2028rako egongo da prest

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 25a

Erripagañako Osasun Zentroak izango duen itxura

Nafarroako Gobernuak datozen egunetan argitaratuko du obren lizitazioa. 9.600.000 euroko aurrekontua izango du.

Erripagañak bere osasun-zentroa izango du azkenean. Aurrera pausoa izango da orain arte lehen mailako arreta jasotzeko Iruñeko eta eskualdeko beste eremu batzuetara joan behar zuten bizilagunentzat. Nafarroako Gobernuak iragarri du Kontratazio Atariak datozen egunetan argitaratuko duela obren lizitazioa. Guztira, 9.676.511,82 euroko inbertsioa izango da eta lanek 18 hilabeteko iraupena izango dute. Gauzak ongi, azpiegitura 2028. urtearen hasieran erabat erabilgarri egotea espero du Gobernuak.

Erripagañan 10.000 pertsona baino gehiago daude erroldatuta. Baina horiei, arreta hobeagoa izateagatik erroldatuta ez dauden ehunka bizilagun gehitu behar zaizkio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duen moduan, osasun-zentro berriak 14.000 biztanle ingururi emango die zerbitzua; horietatik 11.400 helduak izango dira eta 2.600 pediatriakoak, hau da, 0-15 urte bitartekoak. Guztira, 35 langile arituko dira bertan.

Azpiegitura berriak 3.835 m²-ko azalera izango du eta Burlatako Erripagaña etorbidean kokatuko da. Eraikinak hiru solairu izango ditu. Behekoan, Lehen Mailako Arretaren zatirik handiena, langileen eremua eta zerbitzu eta erabilera anitzeko lokalak kokatuko dira; lehen solairuan, Lehen Mailako Arretarako programaren gainerako espazioa eta sexu- eta ugalketa-osasunerako zentroa egongo dira; eta sotoan eta estalkian, erabilera anitzeko lokalak.

Erripagañako Auzo Elkarteak gogorarazi duenez, “lizitazioa berandu dator, 2020ko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan jada partida bat zegoelako osasun zentrorako, 2023an amaitu behar zena. Sentsazio gazi-gozoa da".

Lehen Mailako Arretako asistentzia-arloak honako hauek izango ditu: helduen medikuntzako bederatzi kontsulta, helduen erizaintzako zortzi kontsulta, pediatriako lau kontsulta, pediatriako erizaintzako lau kontsulta, hiru kontsulta berezi (larrialdiak, prozedurak eta erauzketak), fisioterapiako kontsulta bat, BAMEko (barruko mediku egoiliarra) hiru kontsulta, arnas aparatuko pazienteentzako zirkuitu independentea (bi kontsulta, itxarongela, komunak eta biltegia), gizarte-lanerako bulegoa eta psikologiarako bulegoa, laguntza-eremuez gain (komunak, itxarongelak, ofizioa).

Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroko asistentzia-eremuan, emaginaren lau kontsulta, erizaintzako kontsulta bat, ginekologiako lau kontsulta eta gizarte-hezitzaileentzako bi kontsulta eraikiko dira, laguntza-eremuez gain.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!