SANFERMINAK 2025

"Intentsitate handiko" bi sexu eraso eta hamaika "arinagoak" salatu dituzte sanferminetan

Maialen Huarte Arano 2025ko uzt. 15a, 08:23

Elkarretaratzea egin zuten hilaren 13an Gazteluko plazan eraso matxistak salatzeko. Arg: @ehbildu

"Erasoak dauden jai bat ez da berdintasunezko jaia. Nazkatuta gaude, baina lanean jarraituko dugu indarkeria matxistarekin amaitu arte", horixe izan da Mugimendu Feministak adierazitakoa 2025eko datu ofizialak jaso ondoren. Intentsitate handiko bi eraso matxista eta arinagoak izan diren hamaika dira "modu ofizialean" emandakoak, nahiz eta jakin, askoz gehiago izan daitezkeela salatu gabekoak. 

"Gizarte patriarkalaren isla da sanferminetan gertatutakoa. Jaiak ez dira erasoak ematen diren testuinguru isolatu bat alkohola eta inhibizio faltagatik; aitzitik bizi garen errealitatearen isla dira, egunerokoan gertatzen diren portaerak erreproduzitzen dituzte", salatu dute Mugimendu Feministako kideek 2025eko sanfermin festen balantzea egiterakoan. Egunotan "intentsitate handiko" bi eraso matxista eta "arinagoak" izandako hamaika egon dira: "Horiek salaketak jarri dituzten emakumeen erasoak dira, baina badakigu salaketa jartzen ez duten edo laguntza eskatzen ez duten emakumeen pairatu dituztela gehiago", esan dute. 

"Erasoak dauden jai bat ez da berdintasunezko jaia", adierazi dute irmo. Gizarte patriarkalaren eredu direla uste dute: "Egunerokoan gertatzen diren portaerak erreproduzitzen dira festa testuinguruetan. Egun, indarkeria sexistari aurre egiteko protokoloa dago martxan, arreta hobetu egin da, osasun, lege eta laguntza baliabideak daude, baina oraindik ere egiteke asko dago: "Erakundeek baliabide gehiago bideratu behar dituzte prebentzio lan handiagoa egiteko", eskatu dute. Gogoan izan dute, indarrean dagoen Baietz Bai da legeak zalantzan jartzen duela emakumeen kontakizuna. 

Gizartearen jarrera poztekoa dela iruditzen zaie: "Kalean erakusten ari gara gaitzespena erabatekoa dela". Tamalez, ez da horrekin nahikoa "erasotzen eta hiltzen" segitzen dituztelako emakumeak. "Sistema patriarkalaren erabateko aldaketa ezinbestekoa da. Pribilegioak dituzte horiek konpromisoa hartu eta eraldaketa bideratu behar dute", aldarrikatu dute. Mugimendu Feministak ez du atzera pauso bakar bat ere onartuko eta borrokan segitzeko asmoa dutela berretsi dute. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!