Erripagañaren etorkizuna erabakitzeko hurrengo urratsa: galdeketa soziologikoa

Euskalerria Irratia 2025eko ekainaren 4a

Burlatako, Iruñeako, Eguesibarko eta Uharteko alkateek adostu dute inkesta egitea auzoaren etorkizuna erabakitzeko planarekin jarraituz. Kanpoko enpresa baten laguntza teknikoarekin egingo dute.

2024ko maiatzean lortutako parte-hartze prozesuari buruzko akordioaren barruan aurreikusitako aukeretako bat zen galdeketa, eta horri helduko diote. Iruñea, Burlata, Egues eta Uharteko udalek inkesta soziologiko bat eskatu dute Erripagañan.

Auzoko hainbat alderdiri buruz bizilagunek duten iritzia modu "zorrotzean" ezagutzeko aukera emango du galdeketak, diagnostiko erreal eta kontrastatu bat egiteko aukera izango dutela nabarmendu dute lau administrazioek eta hala, aurrera urratsak egiteko aukera izango dute.

Inkesta kanpoko laguntza tekniko espezializatu batekin egingo dute eta hori garatzeko, udalek jarraipen-batzorde bat eratuko dute, inkestaren edukia eta kontratu teknikoaren jarraipena adosteko.

Erripagaña auzoko 10.000 bizilagun ingururen etorkizuna bideratzeko urratsa izango da galdeketa eta udalek nabarmendu dute azken hilabeteetan lan egiteko modu diskretuak giro eraikitzailea sortzen lagundu duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!