Iñigo Otxoa: "Haurrak euskaldun osoak izateko aisia eremu gakoa da"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko mai. 20a, 19:38

Eskolaz kanpoko jardueren Jauzi bilatzailea abian dago jada, 2025-26 ikasturteko lehenengo eskaintzekin

Sortzen Elkarteak iaz sortu zuen Jauzi.eus bilatzailearen kanpaina berriari ekingo dio berriz ere. Bilatzaileak bi eratako eskolaz kanpoko jarduerak jasotzen ditu, Iruñerriko zenbait D eredu publikoko Guraso Elkarteena eta zenbait Udaleko eskaintza publikoarena. Sortzenek, eskaintza hori guztia bilatzailean jasota, familiak euskarazko eskaintzaren inguruan informatu nahi ditu. Izan ere, Iñigo Otxoa Sortzeneko kideak nabarmendu bezala, "aisialdiaren eremua gakoa da euskaldun osoak izateko. Araututako eremuak soilik %15 hartzen du, beraz ez da nahikoa D ereduarekin, eta datuak hala erakutsi dute". 

Guraso Elkarteen eskaintzaren kasuan, Jauzi bertatik izena emateko aukera dago ere bai, jarduera zehatz horietarako matrikula epea maiatzaren 27tik ekainaren 8ra izanik. Ezagutzera eman dutenez, aurten, oraingoz, honako ikastetxeetako Guraso Elkarteek parte hartuko dute: Amaiur (Iturrama), Auzalar (Orkoien), Bernart Etxepare (Txantrea), Hegoalde (Arrosadia), Joakin Lizarraga (Sarriguren) Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzizko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain). Udalen kasuan, honakoek hartuko dute parte: Antsoain, Aranguren, Berriozar, Burlata, Uharte, Noain eta Zizur Nagusia.

Otxoak nabarmendu bezala, Jauzi plataforman biltzen diren aktibitate guztiak euskara hutsez egiten direnak dira: "Guztiak euskarazko murgiltze metodologian oinarrituta daude. Guraso Elkarteetako jardueretako begiraleek “murgiltzea zaintzeko eta euskara dinamizatzeko” formakuntza jasoko dute.

Ikastetxeen kontzientziazioan eragitea ere garrantzitsua dela azpimarratu du Otxoak. "D ereduko azken urteetako soziologia oso anitza da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa". Horregatik, hainbat ikastetxetan, kanal ezberdinen bidez, familiei “aisiaren garrantziaz” ohartarazteko kanpaina bat martxan jarri dute. "Labur esanda, euskarazko hezkuntza arautua gure umeen denboraren %15 dela esan diegu familiei. Gainontzekoak euskararen transmisio eta garapenean izugarrizko eragina duela. Ume guztiek euskara eroso erabiltzeko helburua badugu, etxean eta aisian euskarazko zirkuituak behar ditugula: kultur agenda, eskolaz kanpokoak, ludotekak, ipuinak, abestiak, jolasak, TB, filmak, webguneak...”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!