Martin Larraza (NUP): "Unibertsitateak badu euskara plana eta berri bat prestatzen ari gara"

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 7a, 13:28

Nafarroako Gobernuarengandik inoizko finantzaketarik handiena eta epe luzeeneko hitzamrena adostu berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoak: "Beharrezkoa da epe luzeko akordioak erdiestea barne kudeaketa erraztuko baitu", adierazi du Martin Larraza NUPeko errektoretzako kideak. 

Lau urtez finantzaketa publikoa ziurtatuta izanen du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Nafarroako Gobernuak 400 milioi euroko aurrekontua bermatuko dio 2025etik 2028ra bitartean.  Akordioa berriki sinatu dute Juan Luis Garcia gobernuko Unibertsitate kontseilariak eta Ramiro Gonzalo NUPeko errektoreak, Nafarroako Jauregian. Zenbatekoa bezainbesteko garrantzia du epe luzera begirako finantzazioa ematea NUPeko errektoretza taldeko kide Martin Larrazaren ustez: "Iraganean, NUPek urtebeterako finantzaketa izaten zuen, Uxue Barkosen gobernuak epea zabaldu zuen arte. Ordutik, bizpahiru urtetarako akordioak sinatu ditu gobernuak NUPekin. Azkena 2022tik 2024ra bitartekoa izan da", azaldu du. Aurreko akordioen gisan, lau esparruri erreparatuko zaie: egiturazkoa, jarduera —ikerketa, nazioarteratzea, euskarazko irakaskuntza eta prestakuntza iraunkorra—, eremu giltzarrietan helburuak lortzea eta azpiegituren inbertsioa. Egituraren esparruak jaso du finantzaketa igoerarik handiena, langileen soldatak eta ohiko funtzionamendua dituelako helburu.

Euskara planak badaude

Aste hasieran NUPeko ikasle zenbait Euskara Taldean dabiltzanek salatu zuten euskara gutxiegi eskaintzen duela unibertsitateak eta kexu azaldu ziren ikasketak ezin dituztelako euren hizkuntzan egin. Euskara planik ba ote duten galdetuta, baietz esan du Larrazak: "Indarrean bada plan bat eta beste berri bat prestatzen ari gara. Ikusi behar da zein ikasketek izan behar duten etorkizunetarako lanetan harremana herritarrekin eta horiek lehenetsi euskaraz irakasteko". 

Akordiotik kanpo, Nafarroako Gobernuak beste arlo batzuk finantzatuko ditu: hala nola, Iruñeko campusean Osasun Zientzien eraikinen eraikuntza eta Tuterako campusean beste eraikin bat egitea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!