Iruñeko Udala hainbat LGTBI kolektiboren banderen koloreekin margotzen ari da hiri osoko 25 banku, herritarren artean ezagutza sustatzeko bai sexu- eta genero-aniztasunari buruz eta bai LGTBI+ kolektiboko kide direnen egunerokotasunari eta eskubideei buruz ere. Auzo guztietan ari dira bankuak margotzen, hiri osoan sare moduko bat sortzeko. Halaber, ikusgaitasun handiagoa emateko, auzo bakoitzaren erdigunean dauden gune edo plazetako bankuak hautatu dituzte, herritarrak gehien ibiltzen diren inguruetakoak. Bereziki jende asko ibili ohi den tokietan ere margotuko dituzte eserlekuak, hala nola Ziudadelan, Gazteluko plazan, Zezen-plazaren inguruan eta autobus-geltokian.
Enplegu Babestuko Pinturako Lantaldea ari da bankuak margotzen, eta egitasmoak balioko du programan parte hartzen dutenak prestatu eta sentsibilizatzeko ere.
Bost bandera
Bost kolektiboren banderen koloreekin ari dira margotzen 25 bankuak. Horietako 8tan LGTBI kolektiboaren bandera koloreaniztuna margotuko dute; beste 5 bankutan, lesbianen kolektiboaren bandera: laranja bizi-bizi batekin hasi eta apaldu egiten da zuri bihurtu arte, eta segidan gauza bera egiten du arrosarekin. Beste bost bankutan bisexualen kolektiboaren bandera irudikatuko dute, arrosa, urdina eta morea. Transen kolektiboen bandera ere margotuko dute 4 bankutan: urdina, arrosa, zuria, arrosa eta urdina. Eta azkenik, hiru banku ez-bitarren kolektiboaren banderarekin margotuko dituzte: horia, zuria, morea eta beltza. Banku guztiak ez dira berdinak, eta beraz, banku bakoitzera egokitu beharko dute margotu beharrekoa, ongi ikus dadin.
Ikusgaitasuna eta babesa LGTBI kolektiboari
Iruñeko Udalak hainbat adierazpen onetsi ditu Herritarren Aferen Batzordean eta Hirigintza batzordean gobernu-taldeari eskatzeko LGTBI kolektiboekin elkarlanean aritu daitezela, hiriko auzoetako hiri-altzariak erabiliz ikusgaitasuna eta babesa emateko. Azken adierazpena 2024ko azaroan onetsi zuten. Adierazpen horiek bi helburu zituzten: alde batetik, kolektibo horri ikusgaitasuna ematea, oraindik ere baztertuta baitago, eta bestetik, herritarrak sentsibilizatzea kolektibo horren inguruan, hiri-altzariak erabiliz.