Leire Ubani eta Mikel Irure (Laba): "Ilusiotik bizi dugu une hau, espazio berriak gure aukerak biderkatuko ditu"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko ots. 13a, 19:49

Otsailaren 22an 'Gero arte' esanen diote labakideek orain arte proiektuaren etxea izan den egoitzari, espazio handitzeko lanak laister hasiko baitira

Labak "gero arte" esanen dio bere aretoari otsailaren 22an, besta batekin. Egun horretatik aurrera kafetegia itxita egonen da espazioa handitzeko lanak egin ahal izateko. Ondoko lokala, duela gutxi arte Windsor taberna izandakoa, batuko zaio gaur egungo Labaren espazioari. Beraz, ez da itxiera besta bat izanen, “Gero arte” esateko besta bat baizik. 
Leire Ubani eta Mikel Irure labakideak azaldu bezala, aurrerapauso nabarmena izanen da Laba proiektuak emanen duena: "Ilusiotik bizi dugu une hau. Espazio gehiago izanen dugu, musika kontzertuetarako egokitutako lekua, osatutaren zerbitzua... Orain arte genituen mugetako batzuk desagertu eginen dira". 
Hala ere, espazioaren aldaketak ez duela proiektuaren filosofiaren aldaketa bat ekarriko ere nabarmendu dute labakideek: "Funtsean euskararen inguruan garatzen den proiektu bat izaten jarraituko dugu, orain arte bezala". 
Udazkenera arte espazio berriaren ateak irekiko ez badira ere, Labaren jarduna ez da etengo. Hala, ohiko programazioa beste lekuetan eginen da hurrengo hilabeteotan, euskal kulturgintzaren sarea osatzen dute Iruñeko bestelako espazioetan. 
Hori baino lehen, alta, ospatzeko unea izanen da otsailaren 22ko besta. Egun osoko egitaraua izanen da: goizean, azoka eta bermuta egonen da, eguerdian Tribialaba tribial saioa eginen da eta ondoren Monton tabernan izanen da bazkaria. Arratsaldean aurrera jarraituko du egitarauak, orain arte Labaren etxea izan den egoitzari agur esateko. Aretoa itxita egon bitartean, ohiko jarduerarekin jarraitzeaz gainera, proiektua berrasmatzen eta birpentsatzen arituko dira labakideak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!