Labak "gero arte" esanen dio bere aretoari otsailaren 22an, besta batekin

Euskalerria Irratia 2025ko ots. 13a, 12:09

Egun horretatik aurrera kafetegia itxita egonen da espazioa handitzeko lanak egin ahal izateko. Ondoko ostatua batuko zaio gaur egungo aretoari.

Ez da itxiera besta bat. Ez da agur esateko besta bat. Gero arte esateko besta izanen da. Gero arte hiru urtez Laba sareak erabili duen aretoari, otsailaren 22tik aurrera itxita egonen baita espazioa handitzeko lanak egin ahal izateko. Laba kafetegia handiagoa izanen da hurrengo ikasturtearen hasieran, ondoko ostatua batuko baitzaio gaur egun Labak erabiltzen duen espazioari. Horrek kultur ekitaldietarako espazio handiagoa izatea ahalbidetuko du, eta kultur eskaintza baldintza hobeagoetan ematea.

Obra handia eta konplexua da, bi aretoak lotu behar baitira, eta goitik behera itxuraldatuko baitu Labaren kafetegia eta kultur aretoa. Beraz, zenbait hilabetez itxita egonen da espazioa. Obren ondotik areto prestatuagoa izanen du Laba sareak, eta eskaintza zabalagoa emateko aukera izanen du. Izan ere, oholtza handituko da, musika ekipoa hobetuko da eta aretoa bera apainagoa izanen da, ostatuaren itxura ere berrituko baita.

Nolanahi ere, Labak erabiltzen duen espazioari esanen diote gero arte, eta ez Labaren jarduerari. "Laba sarearen jarduna harago doa, eta tarte honetan ez gara geldirik egonen. Horregatik, ohiko programazioa beste leku batzuetan eginen du tarte horretan, inguruan adiskide ditugun zenbait elkarte eta proiekturen aretoetan". Zenbait eragilek haien lokaletako ateak ireki dizkiote Laba proiektuari eta han eginen da ohiko eskaintza. 

Espazioa aldatuko da; proiektua, ez

Sorreratik beretik Labak proiektu anbiziotsu bat amestu du Iruñeko euskaldunen komunitatearentzat, eta bide horretan, sortu diren aukerei heldu die. "Lehenbizi, Gazteluko plazan areto bat erabiltzeko aukera izan genuen, eta han garatu dugu proiektua eta kultur eskaintza. Bide honetan askotariko zikloak sortu ditugu, eta gure obsesioa izan da euskaraz hain ohikoak ez ziren kontuak euskaraz ematea. Askotariko arte adierazpideei lekua ematen saiatu gara (antzerkia, arte plastikoak, musika, dantza, literatura…) eta gurean haien proiektuak erakusteko leku bat izan dute sortzaile eta eragile askok". Hamaika borrokari ere ateak ireki dizkio Labak, beti ere euskaraz, intersekzionalitatea agerian utziz.

Orain, bigarren aukera eder bat sortu da, Labak erabiltzen duen aretoa ondokoarekin lotuko baitute. Ostatu bat izanen da aretoaren barruan eta kultur ekitaldiak egiteko leku zabalagoa. Baliabide aldetik hobekuntza nabarmena izanen da.

Aretoa itxita dagoen tartean, ohiko jarduerarekin jarraitzeaz gainera, Laba proiektua berrasmatzen eta birpentsatzen arituko dira labakideak. "Ilusioz gainezka gaude, proiektua hazten ikusteko gogoz, eta hasieran amestu genuen Laba horretara urrats bat gerturatuko garelako esperantzaz".

Otsailaren 22an, besta

Esan bezala, aretoa ixteko besta bat antolatu da otsailaren 22an, eta honakoa izanen da egitaraua:

12:00. Azoka, denboraren kapsula eta bermuta, DJ Barbariek girotua, Laban.

13:00 Tribialaba!

14:30 Bazkaria Monton tabernan: menua 25€ (prezio prekarioa 20€). Izena emateko info@laba.eus-era idatzi behar da.

18:00 Ekitaldia eta swing dantzaldia, Laban.

19:00 Karaokea.

Eguna bukatzeko, Laba itxita, Monton tabernara itzuliko dira: 24:00etan, DJ Barbarie.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!