Familien tipologia anitza da D ereduan. Gertutasuna, hezkuntza proiektua, publikotasuna, ikasleen profila eta beste zenbait alor dira gaur egun familien lehentasunak. Hala ere, euskal eskola publikoaren alde jarduten duen Sortzen elkartearen arabera, "D eredura seme-alaba eramanda euskararen transmisioa bermatuta" egongo delaren sinesmena ere zabalduta dago. "Hautua, aldiz, ez da aski, eragile eta faktore gehiago daudelako haurren bizitzan euskaraz bizitzetik aldentzen dutenak".
Aldentze horren ondorioak kontutan hartuta, Sortzen baitan biltzen diren hainbat Guraso Elkarteetako euskara batzordeek Euskararen Normalizazio Plana martxan jarri zuten 2023an, arlo metodologikotik edo eskolatik haratago doazen neurri zehatzez betetako plan proposamena. Iñigo Otxoa Sortzeneko kidearekin jorratu duten azken lan lerroaz aritu gara, euskarak jantokian eta eguerdiko jolastokian duen presentziaz.