Ikusezin izandako emakumeak plazara aterako ditu 'Klandestinak' zikloak

Maialen Huarte Arano 2025ko ots. 12a, 13:29

Mikroguneak izena du Iruñean sortu duten kultur espazio berriak. Horren baitan, Klandestinak izeneko zikloa aurkeztu dute. Historian ikusezin izan diren emakume askoren berri emanen dute. Antzerkia, poesia, musika, dantza… izanen dira erabiliko dituzten adierazpen moduak.

Disziplina askotariko adituak batu dira Mikroguneak izeneko Iruñeko espazio berri horretan. Helburu du batzea. Bakoitzak badu bere ibilbidea egina eta orain, artea eta kulturan modu transgresore batean eragin nahi dute. Entretenimendua bai, baina haratago joan nahi dute: benetan garrantzitsuak diren gaiak jorratu eta horien inguruko hausnarketa eta pentsamendu kritikoa garatzeko bidea egin nahi dute. Komunitarioki, iraultzaile izan nahi dute. 

Klandestinak izeneko zikloa jarri dute abian. Otsailetik ekainera hamar ekitaldiz osatuko duten programa izanen da. Xede du garai batean emakumeen bizipenak zeintzuk izan ziren kontatzea arlo akademikotik aldendu, eta historia ikusezin hori kalera atera nahi dute. Sorginkeriez akusatutakoak, putak, neskameak, eraildakoak, disidente sexualak… erreferenteak falta baitira, inor izan ez diren emakume asko daude. 

Iruñeko topaleku desberdinetatik abiatuko dute historia horietako bakoitza. Leku horiek izan zirelako sorginak erre zituzten toki, emakume baten gorpua agertu zen leku edota lehen egoitza feminista hartu zuen leku.

Antartika Kultur Container, Katakrak, Geltoki eta Teatrolari elkartu dira proiektu berri honetan. Sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko eta informazio guztia klandestinak.com webgunean aurki daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!