Nafarroako Gobernuak hamabi artista nafarrek egindako hamabi artelan erosi ditu Nafarroako Museorako, Arte Garaikideko bildumara gehitzeko. Xabier Morras, Amaya Suberviola, Jose Castiella, Angel Bados, Amaia Gracia Azqueta, June Crespo, Cesar Oroz, Concha Pasamar, Luis Azanza, Elena Moreno, Irati Gorostidi eta Giulia Testa kolektiboaren artelanak dira 2024an erositakoak. Guztira, 112.380 eurokoa izan da inbertsioa.
Pieza gehienak azken hamarkadan egindakoak dira. 1972ko pieza bat, 2004ko beste bat, 2007ko Badosen eskultura, eta 2000. urtean abiatutako argazki serie bat izan ezik. Eta dagoeneko Morras, Bados eta Cresporen lanak museoan ikusgai zeuden, baina artelanak eskuratzeko batzorde teknikoak iritzio dio aukeratutako lanek “funts horietan egon behar zutela”. Hiru pintura, hiru eskultura, bi argazki serie, bi lan grafiko eta ikus-entzunezko bi pieza dira erositakoak.
Margolanak
Cristo amordazado 1972an margotu zuen Xabier Morrasek. Zehazki, Iruñeko Topaketetan 'Egungo Euskal Artea' erakusketarako aurkeztu zuen pieza hori, baina zentsuratu zuten eta obra ez zuten inoiz erakutsi. Amaya Suberviolak ST23008 prestaketa-zirriborroa egin zuen 2023an, gaur egun Museoa beraren 'Ilargia uretan' erakusketan ikusgai dagoena. Eta Jose Castiellak 2024an egindako Amildegi bigungarria obra ere bilduma egonkorraren parte izango da.
Eskulturak
Hiru eskultura erosi ditu Exekutiboak: Angel Badosek 2007an Shifter I, Nada debería fallar 2017 eta 2019 artean Amaia Gracia Azquetak egina; eta TW, TG (Acanthus I), June Crespok egina, 2024an.
Ilustrazioak
Cesar Oroz marrazkilariaren komiki-zerrenden jatorrizko bi marrazki, 2004koa eta 2018koa. Hurrenez hurren Mingote sariaren irabazle izan zen pieza eta Elgar saria jaso zuena. Halaber, 2018an Diario de Navarra egunkarian martxoaren 8an argitaratutako koloretako bertsio digitala eskuratu dute.
Bestetik, Concha Pasamarrek 2014an Tiempo de Otoño libururako egindako jatorrizko ilustrazioak, inprentarako originalak, zirriborroak eta liburuaren gidoi grafikoa egongo da ikusgai.
Argazki serieak eta ikus-entzunezkoak
Luis Azanzak 2000 eta 2009 urteen artean egindako Campos de bola serieko bost argazki eta Hasta donde llegue el agua lana, Elena Morenok 2016ko martxotik 2017ko martxora bitartean egindako hamabi argazkiz osatutako seriea.
Irati Gorostidik 2023an ekoitzi zuen hemeretzi minutuko Contadores pieza eta Giulia Testa kolektiboaren Menos mal, hiru minutukoa, dira ikusgai egongo diren bi ikus-entzunezkoak.