Justizia feminista garatzeko beharra aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak

Bidane Beloki Ezker 2025ko urt. 27a, 12:26

Haien esperientziak partekatu dituzten zenbait kide, mahai inguruan. (Argazkia: Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa)

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.

Larunbatean Emakumeen Mundu Martxaren topaketak egin zituzten Atarrabiako Kultur Etxean. 300 lagun inguru elkartu ziren indarkeria matxistaren eta justizia feministaren inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.

Indarkeria matxistak jakean nondik, norekin eta nola aritzea komeni den izan da topaketen abiapuntua. Izan ere, mugimendu feministak aspaldi du aztergai justizia sistema zenbateraino den lagungarri, esaterako, biktimen erreparazioa bermatzen ote duen edota nola tratatzen diren indarkeria matxistagatiko salaketak. Euskal Herrian izandako hainbat prozesu judizialen argi-ilunak ikusarazi dituzte.

Biktimen babesa, norberaren erritmoak errespetatzea, erreakzioak, konplizitateak edota testigantzak izan dira mahai-inguruetan tartea izan duten eztabaidetako zenbait.

Gaur egungo gizartearen egoerari ere erreparatu diote. Diagnostikoak argi dio: “Ez sistema patriarkal, arrazista eta klasista honek, ez eta sistema horretatik eratorritako instituzioek ere ez dituzte asetzen emakume eta bestelako gorputz minduen beharrak; justizia honen arrimuan, ezin da”. Eta hain zuzen ere, justizia ereduaren izaera arrazista ere kritikatu dute.

Udan, Nazioarteko Ekintza egingo du Euskal Herriko Emakumeen Mundu, Marsellan ekainaren 13tik 15era, eta horren berri emango dute aurki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!