Hezkuntza Departamentuak bi urteko gelak zabaldu nahi ditu Barañain eta Antsoainen

Maialen Huarte Arano 2025ko urt. 17a, 12:04

Bi urteko gela zabaldu berria Arronizko La Balsa ikastetxean.

Bi urteko gelak sortuko ditu Barañaingo Alaitz ikastetxean eta Antsoaingo Ezkaban. Bi ikastetxeko zuzendaritza taldeekin jarri da harremanetan Hezkuntza Departamentua eta jakinarazi die 2025-2026 ikasturterako prest izan nahi dituela bi zentro horietan bi urteko gela bana.

Ezinegona eta haserrea sortu ditu albisteak batez ere zentro horietako irakasle eta familien artean eta baita Barañaingo haur eskolen artean ere. Hain zuzen, Barañainen mobilizatzen hasi dira eta informazio bilera bat aurreikusi dute urtarrilaren 23rako Alaitz ikastetxeko jantokian.

Pasa den urtean hasi zen bi urteko gelak irekitzen Hezkuntza Departamentua. Haur Hezkuntzako unibertsalizazioaren bidean, dio, Iturraman, Doña Mayorren eta Arronizen zabaldu zituen.

Ekimen horrek kexak piztu zituen bereziki 0-3 plataformaren baitan, zenbait sindikaturen artean eta alderdi politiko batzuen artean. Zikloa "hautsi" egiten duelako eta bi urteko haurrei espazio "desegokiak" eskaintzen zaizkielako, besteak beste. Carlos Gimeno Hezkuntza Kontseilariarentzat bi urteko gelak bateragarriak dira haur eskolekin. Azken horiek omen dira lehentasun gobernuarentzat, baina bi urteko gelek lagundu egiten dute toki entitateen artean aukera bat eskaintzeko eta gerora zikloa handitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!