Gogoan izan dezagun Ministroen Kontseiluak abenduaren 23an onartu zuela hiri- eta metropoli-garraio publikoari laguntzak luzatzea hurrengo 2025eko ekainaren 30a arte. Neurri hau 2022ko irailean jarri zuten abian, Ukrainako gerraren ondorioz sortutako energia-krisiaren eraginak arintzeko, eta orain ahalbidetuko du ohiko erabiltzaileek % 50eko deskontuak izaten jarraitzea abonuetan eta txanpon-tituluetan.
Gobernuak trantsizio-aldi baten hasiera iragarri du, behin betiko sustatzeko garraio-modu hau, erabilera bultzatuta eta hiri-mugikortasunaren deskarbonizazioa lagunduta.
Abonuetan eta txanpon-tituluetan egingo diren % 50eko beherapenak Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak kofinantzatuko ditu, udalez gaindiko, tokiko edo autonomietako administrazioek kudeatutako hiriko eta hiriarteko garraio publikoari % 30eko hobariak ematen jarraituko baitu, baldin eta administrazio horiek deskontua gutxienez % 50era igotzen badute.
Beste alde batetik, eta urteko bigarren seihilekoari begira, Batzorde Iraunkorrak garraio-zerbitzuan eskumenak dituzten administrazioei laguntza zuzenak emateko sistema onartu du, 2025eko uztailaren 1etik abenduaren 31 arteko aldirako. Zehazki, xede-biztanleriaren arabera, sistema horrek ezaugarri desberdinak izango ditu:
- • Haurrentzako garraio-tituluak –5 urtetik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren kasuan eta 14 urte arte– doakoak izango dira.
• Gazteentzako tituluek (15 eta 30 urte artean, urte horiek barne) % 50eko hobaria izango dute beren tarifan.
• Gainerako herritarren kasuan (ohiko erabiltzaileak) tarifaren % 20koa izango da laguntza bidaia anitzeko tituluak eta abonuak erostean, baldin eta administrazio onuradunak tarifa diruz laguntzen badu gutxienez beste % 20 batekin. Hau da, ohiko erabiltzaileentzako garraio-tituluen azken hobaria % 40koa izango da.
Abenduaren 23ko 9/2024 Errege Lege Dekretuan xedatu zen sistema hori, eta indarrean sartzeko beharrezkoa izango da bai Iruñeko Udalak eta bai Eskualdeko
Hiri Garraioaren esparruan dauden 20.000 biztanletik gorako udalerriek ere erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea Mankomunitateari. Zehazki, beren lurraldean isurpen baxuko eremu bat, 2025ean martxan egongo dena, ezartzearen gainekoa izango da erantzukizunpeko adierazpen hori.
Billabesak: % 2,9ko gehikuntza tarifetan
Deskontu hauek aplikatzeko, aintzat hartuko dira urrian hasiera batean onartu ziren 2025erako garraio-tarifak, eta urtarrilaren 1ean indarrean sartuko direnak.
Hain zuzen ere, tarifa horiek % 2,9 igoko dira 2025ean. Emendatze hori gorabehera, ohiko erabiltzaileentzako % 50eko hobariak aplikatuko dira. Hala, txanpon-txartelarekin ordainduta, bidaia 0,81 euro balio izatetik 0,83 euro balio izatera igaroko da tarifa berrien arabera, baina herritarrek 0,42 euro ordainduko dituzte hobariei esker.
Desgaitasuneko lehen laguntzailearen tarifa (E tarifa) doakoa izango da (orain arte E tarifa berean kobratzen zen).
Familia ugarien C tarifa guraso bakarreko familietara ere zabalduko da.