Israelek hil dituen haur palestinarren izenak irakurriko dituzte 30 orduz

Maialen Huarte Arano 2024ko abe. 20a, 13:48

Lidon Soriano (Yalah Nafarroa) eta Iker Fernandez (BDZ Ekimena).

Beste alde batera begiratzeari uzteko, konplize izateari uzteko eta genozidioaren ondorioak pairatzen dituzten herritarrekiko elkartasuna adierazteko ekitaldia prestatu dute Yalah Nafarroak eta BDZ ekimenak. Banan banan, 30 orduz irakurriko dituzte Palestinan Israelek hil dituen 16 urtetik beherako haurren izen-abizen eta adina.

Gaur gaurkoz, 18.000 dira datu ofizialean arabera Israelek hil dituen haur palestinarrak. Kultur, gizarte, kirol alorreko aurpegi ezagunek jarriko diete ahotsa izen horiei: Fermin Muguruza, Rozalen, Amparanoia… izanen dira, besteak beste. Abenduaren 28an, 11:00etan ipuin kontalaria izanen da lehendabizi. Diversa Crisek Palestinaren inguruko ipuinak kontatuko ditu. 12:00etan haur eta gazteei mural bat margotzeko aukera emanen zaie eta gero hasiko da irakurraldia.

Baluarteko plazan eginen dute. Irakurraldia oihalez ondutako kutxa baten barruan eginen dute. Modu horretan islatuko dute Gazak bizi duen setioa. Emozioak eta amorrua adierazteko modua izanen da erail dituzten haurren izenak ahoskatzea. Egoera ez dadin normalizatu, ez dezagun normalizatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!