Eraikin frankista behin betiko eraldatzeko eta adieraberritzeko negoziazioak itxi dituzte EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik. Erorien Monumentua eraitsi ala esanahia aldatzea izan dira mahai gainean zeuden proiektuek aurreikusten zutena. Proiektuetako seik eraikina birmoldatzea eta erabilera sozial eta kulturaletara bideratzea proposatzen zuten, eta batek, eraistearen alde egiten zuen, zati bat memoria gune gisa mantenduz.
Erorien monumentuaren eraldaketari buruzko xehetasunak ekitaldi publiko batean zehaztuko dituzten arren, jakinarazi dute eraikinaren esanahia aldatuko dutela eta Gerra Zibileko garaileen sinbolo bihurtu zen kupula estaliko dute.
Eztabaida sozial eta politikoei amaiera eman nahi die erdietsitako akordioak. Erorien Monumentua frankismoari gorazarre egiteko eraiki zutela defendatu izan dute eraistearen aldeko elkarte memorialistek. Eta PSNk adieraberritzearen bideari eutsi dio; uko egin dio monumentua botatzeari, baina prest azaldu da “eraiste partzial bat” onartzeko.
Azkenik, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean beharrezkoak diren izapideak gainditzeko gehiengo nahikoa lortu dute. Miren Zabaleta, Ramon Alzorriz eta Uxue Barkos, eta udal-taldeetako arduradun Joxe Abaurrea, Marina Curiel eta Mikel Armendarizek parte hartu dute negoziazio bileretan.