Musikariek ere elkartasuna adierazi nahi izan diote Valentziako herriari DANAren ondorio larriak direla eta. Horretarako 'Som València’ ekimena sortu dute elkartasun kontzertuak egiteko Estatu osoko musika aretoetan, azaroaren 11tik aurrera, eta bildutako dirua bere osotasunean Valentziako kaltetuei laguntzeko bideratuko da Horta Sud Fundazioaren bidez.
Sarrerak hamabost eta hogei euro artean salduko dira eta zero lerro bat egongo da diru ekarpen handiagoa egin nahi dutenentzat. Antolatzaileek nabarmendu dute ez dela komisiorik aplikatuko. Sarrerak erosteko plataforma ekitaldiak sortzeaz eta banku-transakzioaren %1,5eko komisioa ordaintzeaz arduratuko da, erosketaren %100 Valentziarako ekarpena izan dadin.
“Horrelako egoeretan, musikaren sektoreko artista eta profesionalek egiten dakiguna eman dezakegu: musika eskaini, arima eta gogoa zaintzeko”, azaldu dute antolatzaileek. Bartzelonako Hidden Track Records zigiluaren proposamenetik abiatuta, industriako beste hamaika eragile batu dira: artistak, aretoak eta musikaren sektoreko mota guztietako profesionalak.
Askotariko musika estiloak, artistak eta musikazaleak elkartuko dira egunotan. Euskal Herriko musikarien artean izango dira Hofe, Chill Mafia, Izaro, Anari, Anne Lukin, El Drogas, Borla, Belako, Ezezez, Ezpalak, Maren, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Zea Mays, Sara Zozaya edota Txopet, besteak beste.
Bestelako izenak ere daude kartelean: Alizzz, Amaral, Carolina Durante, La M.O.D.A., El Kanka, Ginebras, Ginestà, Judeline, Juancho Marques, Queralt Lahoz, Natalia Lacunza edota Califato ¾.
Gaur, 12:00etan, sarrerak salgai jarriko dituzte eta kontzertuak aretoz areto iragarriko dituzte.
Ver esta publicación en Instagram