Atez ateko zabor bilketa ezarriko du Mankomunitateak Landabenen

Haritz Pascual Garjon 2024ko aza. 5a, 10:53

Iruñerriko Mankomunitateak zabor bilketa sistema berria probatuko du Landabengo industrialdean. Kaleetako zaborrontziak kendu eta enpresetan atez ate jasoko dituzte lantoki bakoitzak sortutako hondakinak

Agur edukiontziz betetako Landabengo kaleei. Iruñerriko mankomunitateak proba eginen du industrialdeko zaborrontziak kentzen eta lantoki barruetan sartzen. Enpresa bakoitzak bere edukiontzi propioak izanen ditu hemendik aurrera, berak kudeatu beharko du lantokian bertan sortzen den zaborraren tratamendua, dagokion zaborrontzira bideratuz. Mankomunitatea, zehaztutako egunetan pasako da edukiontziak hustutzera.

140 enpresa daude Landabenen eta haiekin guztiekin bildu dira Iruñerriko mankomunitateko teknikariak egunotan aldaketa azaltzeko. Orain arteko sistemak akats larriak erakutsita zituen. Landabengo kaleetako edukiontzietan ez zen zabor bereizketarik egiten eta zabortegi moduan, hondakinak pilatzeko gune bihurtuak ziren, baita hiritik industrialdera joandako hiritarren hondakin handiak ere biltzen ziren bertan. Enpresen atez ateko neurri honekin, mankomunitateak zabor bilketa hobetu eta batez ere bereizketa sustatu nahi du, baita industrialdeetan ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!