Emakume bat etxegabetu nahi dutela salatu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Bidane Beloki Ezker 2024ko urr. 2a, 10:26

Etxegabetzearen harira, asanblada informatiboa egin dute. (Argazkia: Kontseilu Sozialista Iruñerria)

Ibercaja banketxeak pertsona bat bere etxetik bota nahi duela ohartarazi du sindikatuak. Etxegabetzea gelditzeko protesta deitu dute ostiralean, 08:30ean, Artikaberrin, etxebizitzaren portalean.

Emakumea 2005etik bizi da Artikaberrin. Etxebizitza erosi zuen Ibercajari kreditu bat eskatuta eta "zabor-hipoteka deiturikoen goraldi betean” hartu zuela azaldu du sindikatuak. Bere egoera ekonomikoa okertu zenean, "hipoteka ordaintzeko arazoak” hasi zirela azaldu du. “Nola azal dezakegu 700 euroko diru sarrerak dituen emakume batek mila euroko hipoteka kuota izatea?”, adierazi du Etxebizitza Sindikatuak. Izan ere, hileroko kuota nabarmen garestitu zioten etxegabetu nahi duten emakumeari.

“Politikari profesionalek hipotekagatiko etxegabetzeak gelditu dituztela dioten arren, halakoak gertatzen dira oraindik ere”, gaineratu du sindikatuak. Etxebizitzaren arazoak langile-klasearen bizitzan dituen "ondorio lazgarriak geroz eta nabarmenagoak” direla adierazi du sindikatuak.

Hartara, egoera salatu eta etxegabetzea geldiarazteko protesta egingo dute ostiralean, goizeko 08:30ean, Artikaberri auzoko Maiatzeko Plazako Amak kalean hirugarren zenbakian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!