Nafarroako garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute CCOO eta LAB sindikatuek

Euskalerria Irratia 2024ko uzt. 4a, 10:00

Hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du, urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide "argi eta objektibo bat" ezartzen du.

LAB eta CCOO sindikatuek –ordezkaritzaren %60 baino gehiago osatzen baitute– Nafarroako Garbiketako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dute sektoreko patronalekin. Azken 11 urteetako dinamika "atzerakoiari" buelta ematea lortu dutela diote: hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du (gehi puntu bateko diferentziala), urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide argi eta objektibo bat ezartzen du.

2024-2027 urteetan Nafarroako Garbiketako langileen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmena aurretik sinaturikoen ezberdina da. Gogoratu behar da, krisi eta murrizketa testuinguru batean, CCOOk eta UGTk 2012-2014 hitzarmen "negargarria" sinatu zutela, KPIaren erreferentzia galtzen zuena, lanaldia murrizteari uzten ziona, desplazamendu plusa kentzen zuena, antzinatasun sistema aldatzen zuena (hirurtekoetatik bortzurtekoetara eta antzinatasun finkatua izozten zuena) eta bajen osagarria okertzen zuena. Hurrengo hitzarmenek (2015-2018 eta 2018-2023) ildo berari jarraitu zioten: soldatak bizitza-kostuaren azpitik igotzea, lanaldia mantentzea eta eskubideetan aurrerapen gutxi izatea. Garbiketako hitzarmen berriak eskubideen berreskurapena dakarrela uste duelako sinatuko du LABek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!