Aurtengo IV. Liburuaren Azokan Miguel Sanchez-Ostizi idazle iruindarrari egingo diote omenaldia. Maiatzaren 31tik ekainaren 9ra bitartean egongo dira zabalik liburu-postuak eta azoka osatzeko ‘Bi ahotsetara’ ekitaldi zikloa antolatu dute Nafarroako Gobernuaren laguntzaz; ekainaren 3tik 7ra izango da zikloa.
Sinadurak, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte. Mahai-inguruetan mintzagai izango dira Palestina, ilustrazioa, idazketa terapia gisa, nobela beltza, zientzia fikzioa edo Nafarroako literaturako sinadura berriak. Eta, idazle gonbidatuen artean gerturatuko dira Karmele Jaio, Ana Carrasco Conde, Harkaitz Cano, Laura Azcona, Clara Obligado, Carlos Aurensanz, Javier Gallego eta Sabina Urraca.
Aurtengo eskaintza 13 liburu-dendaren eskutik iritsiko da plazara. Haien artean Iruñeko Chundarata, Elkar, Karrikiri, Muga edota Nerea y Troa liburu-dendek jarriko dute postua. Bestalde, Tuterako Letras a la Taza, Elizondoko Akelarre eta Eguesibarko La Valeta izango dira plazan.
Azoka zabalik izanen da goizeko 10:30etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara. Programa osoa hemen kontsultatu dezakezu.