Entzutekoak

Anna Ajmátova, Stalinen erregimenari aurre egin zion poeta errusiarra

Reyes Ilintxeta 2024ko mai. 21a, 17:42

Erregimen estalinistaren gaitzespena eta honek jasan zuen zentsura gorabehera, ez zuen inoiz Sobietar Batasuna utzi, garaiko disidenteen artean ohikoa ez zen arren. Haietako asko erbesteratuak, espetxeratuak edo erailak izan ziren. 'Requiem' bere lana Stalinen sarraskien aurka inoiz idatzitako olerki lan garrantitsuena da. Hau da Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Gaur kontakizun batekin hasiko naiz. Baina ez da istorio bat izango, gure gaurko gizalabaren historia baizik.

Leningradeko kartzela batean kokatu behar dugu, 30eko hamarkadan. Han ehunka emakume ikusten ditugu espetxeko atearen aurrean zain, arropaz eta janariz betetako paketak hartuta, preso dituzten senideentzat edo lagunentzat eramaten dituztenak.

Egia esan, pakete horiek aitzakia besterik ez dira, haiei esker enteratzen baitira maitatzen dituzten presoak bizirik dauden edo ez. Nola? Bada, zaindariek paketeak jasotzen badituzte, bizirik daudela esan nahi du; jasotzen ez badituzte , bada… kontrakoa.

Ilara horretan, Anna Ajmatovak, gaurko gizalabak, alegia, pakete bat darama, 12 urteko semearentzat.


Eta seme gizarajo horrek zer egin du? Gutxi. Adin horrekin gaiztakeria aunitz egiteko denborarik ez du izan. Haren errua dauzkan gurasoak edukitzea da. Aita, konspirazioagatik salatua, eta Errusiako Iraultzan fusilatua izan den poeta ospetsua zen; ama ere, aipatutako Anna, poeta ospetsua da , baina berak idatzitako liburuak debekatuak daude. Berari ere traizioa leporatuko diote, eta erbesteratu egingo dute. Espetxeko patioan dagoenean  oraindik ez da hori gertatu, baina oso miatuta dago. Horregatik, badaezpada ere , eta semea fusilatzea saihesteko, oraindik kaleratuta ez dituen idatzitako poema guztiak erre ditu. Lastima, haren obraren erdia betiko galdu da.


Kartzelako patioan Anna semeari janaria emateko zain dagoen bitartean, emakume batek ezagutu egiten du, hurbildu, haren atzean kokatu, eta belarrira xuxurlatzen dio ea hori guztia deskriba dezakeen. Annak baietz erantzuten dio, irribarre umil batekin.

Eta horrela jaio zen mundu estalinistari kritika handia egiten dion libururik garrantzitsuenetako bat: Réquiem. Bere mundua erortzen ikusten duenaren minari eta etsipenari buruzko poema bilduma bat da, baina ez gorrotoaren ikuspuntutik, gertatzen denaren lekuko gisa baizik.


Hala ere, Annak ez zuen inoiz liburu hori idatzi. Buruan zeukan dena. Asmatu eta buruz ikasi zituen poema guztiak, aurrerago argitaratu ahal izateko.


Baina egun batean, edozein unetan norbaitek harrapatu, fusilatu edo batek zekien zer egin ziezaiokeela konturatu zen, eta bere lana gal ez zedin, partekatzea erabaki zuen.


Bere lagunik minenak bildu zituen etxean, eta poemak buruz ikasteko eskatu zien. Hori bai, etxe barruan mikrofonoak baldin bazeuden, eta  badaezpada ere norbait entzuten ari bazen, poemak paper batean idatzi zituen, gero lagunei pasatu minutu batzuetan buruz ikas zitzaten, eta, azkenik, pospolo bat hartu eta papera erre.


Gauzarik sinestezinena da poema horiek ez zirela egun edo aste batez lagun horien buruan gorde, baizik eta 30 urtez! Liburua ez baitzen 1963ra arte argitaratu. Lagun haiek Munichen argitalpen klandestino bat argitaratzea lortu zuten, errusieraz 500 kopia baino ez zituena.

  1. urtera arte ez zen argitaratu ahal izan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean. Baina, ordurako, Annak 20 urte zeramatzan hilda.


Zer-nolako bizitza izan zuen ordura arte?


Esan behar da Anna 1889ko ekainaren 23an jaio zela, familia noble batean.

 

Hamaika urterekin hasi zen poesia idazten. Aitak ez zuenez bere abizen "errespetagarria" inprimatutako bertsoen azpian ikusi nahi, bere birramonarena hartzea erabaki zuen neskak.


Eta erabaki ona izan zen hura, errusiar poeta nabarmena eta errusiar literaturaren Zilarrezko Aroko poesia eredu nabarmenetako bat bihurtu zelako.


Tamalez, Errusiar iraultzak bizitza aldatu zion, entzun dugun bezala, eta erbestera ospa egin behar izan zuen.

 

1944ra arte ezin izan zuen semearekin Leningradora itzuli. Han aldatu zuen bizimodua, eta itzulpenak  eta saiakerak  idazten eta argitaratzen hasi zen.

 

Bakarrik sentitu zen beti, lagun guztiek, intelektual errusiarrek, emigratu egin zutelako edo zigortuak izan zirelako.


1946an Annaren lana kritikatzen zuen ebazpen bat onartu zen. Ondorioz, Sobietar Batasuneko Idazleen Batasunetik kanporatu zuten. Hark egoera larri batean utzi zuen, bere lanak argitaratzea debekatua zelako, eta Leningradon (gaur egun San Petersburgon) errazionamendu txartelak eskuratzerik ez zuelako.


Horregatik, Uzbekistango Taxkent hirira joan zen, eta gero Kievera.

Baina geroztik inork ez zion ahotsa isildu, eta itzultzaile eta idazle lanetan jardun zuen.


1962an, Literaturako Nobel sarirako proposatu zuten, baina ez zuen lortu.

1964an Nazioarteko Poesia Saria jaso zuen Taorminan (Italia), eta 1965ean honoris causa doktore izendatu zuen Oxfordeko Unibertsitateak.

1966ko martxoaren 5ean, Anna bihotzekoak jota hil zen Mosku kanpoaldeko erietxe batean.

Bere lana, hainbat hizkuntzatara itzulia, 1990era arte ez zen agertu osorik Errusian.


Gaur egun, Annaren omenez egindako museo bat dago San Petersburgon (antzinako Leningradon). Bizi izan zen, eta zigortu egin zuten hiri horretan, haren oroimenez monumentu bat dago Filologia Fakultateko lorategian; beste bat San Petersburgoko parke publiko batean, eskola baten aurrean; eta hirugarren bat Nevako malekoian, semea, senarra eta lagun asko preso egon ziren espetxearen aurrean.

Gainera, Sizilian beste monumentu bat dago; eta bere izena planeta txiki bati jarri zion astronomo sobietar batek 1982an, aurkitu zuenean.



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!